Debako EH Bilduk "kezka" azaldu du EAJk eta Orain Debak osatzen duten udal gobernuak Amillaga urbanizatzeko jarduketa programaren onespena erabakita eraman zuelako joan den urtarrilaren 24ko Lurraldetasun Batzordera. "Batzorde buruak ez zuen zegokion informazioa eman, ezta egin ziren galderei erantzuna eman ere. Eta, hori gutxi balitz, Orain Debako ordezkariak, gobernu kidea izanda, erabaki honi buruzko informaziorik ez zuela adierazi zuen. Gaiak duen garrantzia ikusita, ezinbestekoa iruditzen zaigu oposizioarekin eta herritarrekin partekatzea".
Koalizio abertzalearen iritziz, Elizburuko eta Amillagako guneak nolakoak izango diren erabakitzea "ez dagokio soilik" udal gobernuari. "EH Bilduko kideok, gutxienez, ez dugu egiteko modu hau partekatzen. Arduragabea eta larria iruditzen zaigu. Horregatik guztiagatik, irmoki salatzen dugu EAJk eta Orain Debak osatzen duten udal gobernuaren arduragabekeria eta gardentasun falta".
Hainbat zalantza eta kezka
Hori horrela, proiektuari buruzko zenbait zalantza eta kezka partekatu nahi izan dituzte herritarrekin. Besteak beste, Amillagan aurreikusita dauden etxebizitza blokeak egiten hasterako Mogel kaleko errepidea hilerri zaharraren aurrean egingo den biribilguneraino luzatu beharko dela esan dute. "Asmoa obra hasterako bide hau egitea bada ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu bi noranzko izatea. Hau da, biribilgunetik Amillaga eta Mogel kaleko egungo biribilgune txikiraino, gutxienez".
Gai horrekin lotuta, udal gobernuak eta lanak egiteaz arduratuko den Grupo Eibarrek noranzko bakarra aurreikusi dutela jakinarazi dute. "Ez dute kontuan izan San Josepe, Agirretxe, Itziar bidea, Mogel, Elizburu, Amillaga... kale eta auzune horietarako sarrera bakarra Anguleru kaletik dagoela edota Itsasbegitik izango dela. Hori horrela, herriguneko auzotarrek sekulako zirkulazioa jasan beharko dute. Kontuan izan behar da, gainera, gune horretan egun ere gainkarga handia dagoela".
Are gehiago, nabarmendu dute EH Bilduk "ez duela ontzat eman" aurrez adostutako baldintzak bermatu gabe proiektuari "argi berdea" ematea. "Alkate dekretuz onartu dute, EH Bilduren eta auzotarren iritzia kontuan hartu gabe". Adierazi dute EH Bilduren udal gobernuak ( "Debarren Ahotsaren eta EAJren adostasunarekin") bi baldintza jarri zizkiola Grupo Eibarri etxebizitza gehiago eraikitzeko. "Batetik, Agirretxeko ur depositua handitzeko proiektua gauzatzea adostu zen, egungo deposituak ezin dituelako horrenbeste etxebizitza hornitu. Eta, bestetik, gaur egungo zirkulazio gainkargari irtenbidea ematea eskatu zen".
Proiektua "hobetzeko nahia" agertu du koalizio abertzaleak eta, horregatik guztiagatik, alegazioak aurkeztuko dituztela iragarri dute, "jarduketa programa honetan errepide berriak bi noranzko izan ditzan, udaltzaingoaren zirkulazio azterketa egin dadin eta etxebizitza tasatuak amaitzerako ur depositua eginda egongo denaren bermea izan dezagun eskatuz". Jakitera eman dutenez, otsailaren 20a izango da herritarrek alegazioak aurkezteko azken eguna.