Urtarrilaren 31ko osoko bilkuran onartu ziren 2024ko Debako Udaleko aurrekontuak, eta egunean bertan argitaratu zen albistea Udalaren web orrian. Herritarrak informatzea ondo dago, udal gobernuaren betebeharretako bat da, noski. Baina herritarren aurrean zenbait datu apaintzea ez da batere zintzoa, ez da batere gardena.
Albiste horretan egindako zenbait aipamen argitu nahi ditugu:
• “Garrantzitsua da nabarmentzea alokairurako laguntzetara bideratutako partidak nabarmen handitu direla, bikoiztu baino gehiago egin baitira aurreko ekitaldiarekin alderatuta”: 2023ko aurrekontuan etxebizitzen alokairurako 8.000€-ko partida aurreikusi genuen, eta 2024rako 23.000€- ra igo dute partida, baina ez alokairu dirulaguntzetarako soilik. Partida horretan 8.000€ alokairurako dirulaguntzetarako eta 15.000€ azterketa sozioekonomikoa egiteko aurreikusi dituzte. Beraz, alokairu dirulaguntzak bere horretan mantendu dira.
• “100.000 euroko inbertsioa egin dugu gure udalerriko egungo errealitatera egokituko den Zaintza-ekosistema bat garatzen hasteko”: Inbertsio hori ez dago egina, eta aurrekontuetan ez dute aurreikusi, ez baitago nahikoa diru. 100.000€ horiek, izatekotan, altxortegitik bideratuko dira, aurreko urteko soberakinetik.
• “Aurten, inbertsioak 893.846 eurokoak izango dira; 2023an aldiz, 134.574 euro bideratu ziren”: Aurrekontuetan ez da inbertsiorik aurreikusi. Udal gobernuak egin nahi dituen inbertsioak, egitekotan, aurreko urteko soberakinetik, hau da, altxortegitik egin beharko dira. Eta 2023rako aurreikusi ziren inbertsioen diru-kopurua 134.574 eurokoa izan zen aurrekontuetan. Altxortegitik, ordea, 759.800 euro bideratu ziren inbertsioetara, hortik 290.000€ Simon Berasaluzeko lokalaren berritzera bideratzeko plana zegoen, baina egungo udal gobernuak inbertsio hau ez gauzatzea erabaki zuen.
• “Herritarren oinarrizko beharrei erantzun nahi zaie”: Azken urteetan herritarrengandik jaso den eskaeretako bat Ludotekarena da. Udal gobernuak “dirurik ez dago”-ela adierazi zuen, baina Simon Berasaluze plazako obrak bukatuta edo bukatzear egongo lirateke EH Bilduk maiatzean martxan jarritako esleipena bertan behera utzi izan ez balute. Eta 2024an egun turismo bulegoa dagoen lokala birgaitzeko aukera egongo litzateke ludoteka zerbitzua ezartzeko. Hortaz, oinarrizko beharretako bati, gutxienez, ez zaio erantzunik emango aurten.
• "Udal plantilla ez handitzea erabaki dugu”: 2019-2023 agintaldian 8 langile gehiago kontratatzea aurpegiratu digute, eta horrek dakarren kostuagatik ez dutela plantilla handituko azaldu. Baina badaezpada ez dute murrizketarik ere aurreikusi. Erabaki honen aurrean bi kontu argitu nahi ditugu: 2019an Hirigintzan sekulako inbutua zegoen, eta horixe izan zen sail honetarako teknikari gehiago (aparejadorea, arkitektoa jardun osoz, ...) kontratatzeko arrazoia. EAJ-Orain Deba udal gobernuak plantilla handitu ez, baina arkitekto aholkulari berria kontratatu du, aurrekoaren kostu berean baina jardun erdian, hau da, Udalarentzako kostua bikoiztu egingo da. Informazio hau ez die herritarrei helarazi.
• "50.000 euroko partida bideratu da Zumardia berritzeko. Ekimen honek debar askoren nahiari erantzuten dio, esperotakoa baita. Debako gunerik maitatuenetako eta enblematikoenetako bat biziberritzeko lehen urratsa izango da": 2023ko udaberrian Zumardiko jolas parkeari buruzko lanketa egin zen HHko eta LHko ikasleekin, Luzaro ikastetxearekin elkarlanean, eta, horrez gain, herritarrei zuzendutako bi saio ere egin ziren. Drainatzea eta argiztapena hobetzeko beharrak eta komunen beharra identifikatzeaz gain, haurrek nolako jolas parkea nahi duten bildu ahal izan genuen, eta gure asmoa legealdi berrian fasekako berritze lan hauekin hastea zen. Baina EAJ-Orain Deba udal gobernuak alde batera utzi du herriaren nahietatik jasotako asmo hau.