Udalbatza berria osatzeko kargu hartze ekitaldiaren bezperan, Deba eta Itziarko koalizio abertzaleak gogorarazi du maiatzeko udal hauteskundeetako emaitzek “argi” erakutsi dutela “Debako herritarren nahia”.
“EH Bildu lehen indarra izanik (1.286 bozka eta 6 zinegotzi), EAJ-PNV bigarrena (1.181 bozka eta 6 zinegotzi) eta Elkarrekin Orain Deba hirugarrena (353 bozka eta 1 zinegotzi), udal gobernua gidatzea dagokigula adierazi diegu EAJ-PNV eta Elkarrekin Orain Debako ordezkariei, beraiekin egindako bileretan”, azaldu du. Nolanahi ere, gaineratu du “herritarrek emandako mandatua argia” izan den arren, alderdi politikoen erabakiek “bestelako agertoki bat” ahalbidetu dutela EAJ-PNV eta Elkarrekin Orain Debaren arteko gobernua adostuz.
Bi asteotan alderdi jeltzalearekin eta Elkarrekin Orain Debako ordezkariekin bilerak egin dituela azaldu du EH Bilduk eta “kezka” azaldu du batzarren ondoren zabaldu duen prentsa oharrean.
EAJ-PNVk Itziarko Toki Entitate Txikiari dagokionean iragarritako erabakia da “kezka” sorrarazi dion kontuetako bat. “Legez, Auzo Udaleko eremuko herritarrek bozkatutako alderdiek lortutako emaitzen arabera izendatu beharko lirateke juntakideak (hauteskunde hauen kasuan EH Bilduk 3 eta EAJ-PNVk 1). Baina, Itziarko Toki Entitate Txikirako juntakideen aukeraketa Denon Herria plataformaren esku uztea adostu zuen 2015ean plataformak berak alderdi politikoekin, eta hala mantendu da agintaldiz agintaldi”, adierazi du.
Oraingoan, baina, “Denon Herriarekin, Itziarko auzo alkatearekin eta gainontzeko alderdi politikoekin partekatu eta adostu gabe, EAJ-PNVk bere alderdikide bat izendatu du Itziarko Toki Entitate Txikiko juntakide”, ohartarazi du koalizioak. “Guk, ordea, juntakideen aukeraketa Denon Herriaren eta Itziarko auzo alkatearen esku utzi dugu, gobernagarritasuna, zintzotasuna eta hitzartutakoa errespetatuz”.
“Denon Herriarekin, Itziarko auzo alkatearekin eta gainontzeko alderdi politikoekin partekatu eta adostu gabe, EAJ-PNVk bere alderdikide bat izendatu du Itziarko Toki Entitate Txikiko juntakide”
Orain Deba jokatzen ari den paperari dagokio “oso kezkagarritzat” jo duen bigarren afera. EH Bilduren esanetan, ekainaren 6an bildu ziren Orain Debako ordezkariekin eta, azaldu duenez, bi indar politikoren arteko “puntu komunak topatzen saiatu” ziren. “EH Bildu alkatetzan jarraitzea ahalbidetzen duten hiru aukeren artean (EH Bildu babestea, abstenitzea ala euren burua bozkatzea) haientzat posizio erosoena zena aukeratzeko proposamena luzatu genien. Baina, garbi geratu da, ia astebetera jaso dugun erantzunagatik, gure proposamena baloratu ere ez dutela egin”.
Udal hauteskundeen ondorenean, beste behin ere, lehen indarra izaten jarraitzen duela gogorarazi du EH Bilduk, “herritarrek duela lau urte irekitako bidean sakontzeko mandatua eman” dietela ondorioztatuta. Eta “lankidetzan, gardentasunean eta herritarrei zuzen hitz egiteko hautuan berresten” dela aipatu du.
“Hortaz, gobernuan egon garenean bezala, gure udalerriko errealitatea marrazten jarraituko dugu, herritarrekin eta eragileekin lanean, egokituko zaigun posizio berritik baina orain arteko ilusioz, indarrez eta bokazioz –gaineratu du–. Lanerako aurkeztu ginen, lanean aritu gara eta lanean jarraituko dugu”.