Alkatetza galdu zuenetik, badirudi EH Bilduk ez duela sen onaren geltokia topatzen. Eta murgilduta dauden bide nahasi horretan, udal-politikan lur hartu berri dutela sinestarazi nahi diete debarrei, 2019tik 2023ra udal gobernuan izan ez balira bezala.
Ulertzekoa da etapa hori alde batera uzten saiatzea, lau urteko paralisia eragin baitzuten; ez zuten inolako aurrerapenik egin, ez etxebizitzan, ez gizarte-politiketan, ez turismoan, ez ekonomian... Baina errealitatea ezin da aldatu, nahiz eta beraiek pairatzen duten amnesia hori kolektibo bilakatu nahi izan orain eta baita legegintzaldi honetara zabaldu ere.
Duten ahanztura kezkagarri horren azken adierazlea da "Debako mugikortasun arazoei irtenbideak bilatzeari" buruz Legebiltzarrean erregistratu duten lege proposamena. Dokumentu horretan, trenarentzat ordu erdiko maiztasuna ezartzeko eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari.
Zalantzarik gabe, proposamena onuragarria da debarrentzat; kontua, ordea, beste bat da: zergatik ez zuten planteatu horixe bera agintean zeudenean? Eta, are garrantzitsuagoa dena: berandu datoz. Egungo udal gobernuak aspaldi bideratu du erreklamazio historiko horretarako konponbidea, hainbat hamarkadetan zain egon ondoren debarrek tren zerbitzua ordu erdiko maiztasunarekin izan dezagun. Are gehiago, Alkatetzara iritsi bezain laster hasi zituen udal gobernuak konponbidea bilatzeko izapideak; eta EH Bilduk badaki, izan dituzten bileretan jakinarazi zaielako.
EH Bilduk Donostia eta Zumaia arteko lineako zerbitzua hobetzeko mozio bat aurkeztu zuen 2023ko urriaren 26an egindako osoko bilkuran, eta, bertan, udal gobernuak ordura arte ETSrekin egindako gestioei buruzko azalpenak eman ziren.
Orain, ia bi urte geroago, eta mugikortasunari edo beste edozein gairi buruzko alternatibarik ezta planteamendurik eman gabe, EH Bilduk herritarren behar baten erabilera alderdikoia egin du berriro – behar hori konponbidean dagoela alde batera utzita –. Konponbideak eskaintzeko duten gaitasun eza ezkutatu nahi denean, ez du batere lotsarik, eta ezertarako eta inorentzat balio ez duten hitzalditxoak antolatzen ditu.
EAJ-PNVk, aldiz, Euskal Trenbide Sareak 2026 urte hasierarako tren zerbitzuak ordu erdiko maiztasuna izateko konpromisoa hartzea lortu du, Alzolako eta Aginagako obrak amaitu ondoren.
Hori da batzuen eta besteen artean politika egiteko modu desberdinaren beste adibide bat. EAJ-PNVk debar GUZTIEN bizitza hobetzeko seriotasunez lan egiten duen bitartean, EH Bildu titular erraz eta artifizialen bila dabil, benetako konponbideak bilatzeaz arduratu gabe.
Batzuek lehenago esnatu beharko lukete trenera garaiz iristeko.