GUTUNA

“Zergatik ez dio EH Bilduk Debako gazteek bizi duten etxebizitza arazoari erantzunik eman nahi?”

Erabiltzailearen aurpegia EAJ-PNV Deba 2023ko mar. 15a, 09:30

Hona hemen Alazne Txurruka Allika Debako EAJ-PNVko alkategaiak Berriketan aldizkarira helarazi duen iritzi artikulua:

Lau urte pasa dira, legealdi oso bat, eta Debako gazteek herrian bertan bizitzen geratzeko aukerarik gabe jarraitzen dute. Etxebizitza politikak ez du lehentasunik EH Bildurentzat, eta hala erakutsi dute gobernuan daramatzaten lau urteetan. Debak ez du etxebizitza aurreikuspenik, ez epe motzera eta ezta epe ertainera ere. Zer esan nahi du horrek? Orain, 2023an, gurasoen etxea atzean utzi eta norberaren etxean bizitzeko bidea hartu nahi duten debarrek ez dutela aukerarik gure herrian. Eta ez dute izango datozen urteetan ere. Ez al dute gure gazteek jaio eta bizi izan diren herrian geratzeko eskubiderik? EH Bilduk ba al daki gure gazteen hautua ez dela askea? Deban etxebizitzarik ezean, inguruko herrietara jo beharko dute. Eta honek biziki kezkatzen nau.

Etxebizitza faltak Debaren etorkizuna ere hankaz gora jartzen du. Adinean gero eta helduagoa den herrian, gazterik ez bada, ilun ikusten dut bidea. Nora eraman nahi gaitu EH Bilduk? Politikaz ari garenean, gestioa aipatzen dugunean, egunez eguneko proiektu txikietatik haratago joateaz ari gara. Estrategiak zeintzuk diren definitzeaz, Debak epe motz, ertain eta luzera izan behar duena kontuan izateaz. Gaurko erabakiek Debaren etorkizuna baldintzatu dute. Eta etxebizitzari dagokionean, beltz dugu.

Amillaga eta Osioko garapenak giltzarri dira, EAJ-PNVtik behin eta berriz errepikatu dugun moduan. Eta horiei heltzea izango da gure lehentasuna, pausoak eman eta garatze bidean jartzea. Gazteei eta behar ezberdinak dituzten herritarrei Deban bizitzen jarraitzeko aukera emango diegu. Debaren etorkizunak argia behar du, aurrera egin behar dugu herri moduan, elkarrekin, inor atzean utzi gabe, aukera berdintasunetik.