Ezustekorik gabe joan zen larunbat eguerdian udaletxeko aretoa bete zuen ekitaldia eta eratuta gelditu da, hortaz, datozen lau urteotarako Debako udalbatza. Honako kide hauek osatuko dute: EAJ-PNVko Alazne Txurrukak, Asier Urainek, Monica de Pradok, Jon Riañok, Anton Garayk eta Ainhoa Urbietak; EH Bilduko Gilen Garciak, Itziar Irizarrek, Antxoka Elorzak, Oihana Irustak, Aritz Larrañagak eta Edurne Aristik; eta Elkarrekin Orain Debako Isidro Aristik.
Adinekoen Mahaia osatuta ekin zioten bilkurari, zinegotzi gazteenarekin eta zaharrenarekin. Hain zuzen, EH Bilduko Gilen Garcia eta Orain Debako Isidro Aristi izan dira mahai hori osatu dutenak. Jarraian, karguei zin egin zieten udalbatza berria osatu duten 13 zinegotziek eta, ondoren, alkatea izendatzeko ordua iritsi zen. Bi hautagaitza izan ziren lehian, EH Bilduko Gilen Garciarena eta Alazne Txurruka zerrendaburu jeltzalearena eta azken hura izendatu dute alkate, aldeko zazpi botorekin (EAJ-PNVren sei eta Orain Debaren bat). Garciak koalizio albertzalearen babes osoa lortu zuen (sei boto), baina ezingo du alkate kargua mantendu, udal hauteskundeetan EH Bildu lehen indarra izan zen arren.
EH Bildu, “arduraz” jokatzen jarraitzeko prest. Bere hautagaitza aurkeztean gogorarazi zuen Garciak, hain justu, herritarrek beste behin ere erabaki dutela EH Bildu lehen indarra izatea Deban; “alderdi politikoen erabakiek, ordea, ez dute zerrenda bozkatuenak gobernatzea ahalbidetu”. Nolanahi ere, “arduraz” jokatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen: “Gobernuan aritu garen bezalaxe, gure udalerriko etorkizuna marrazten jarraituko dugu herritarrekin eta eragileekin elkarlanean, egokituko zaigun posizio berritik, baina orain arteko ilusioz, indarrez eta bokazioz”.
Agintaldiaren balantzea egin ondoren, urteotan “bidelagun” izan dituen haiekiko esker oneko hitzak izan zituen osoko bilkuran. Banan-banan aipatu zituen udalbatzako kide izan dituen EH Bildu, EAJ-PNV eta Debarren Ahotsako zinegotziak, Itziarko Auzo Udaleko kideak, eta, besteak beste, “bidea egiten erakutsi diguten” udal langileak, “herri eragile eta pertsona konprometituen ametsak errealitate bihurtzen laguntzeagatik”. “Eta, batez ere, une zailenetan erortzen utzi ez gaituzten horiei, maite gaituzten horiei, bihotzez, mila esker”, erantsi zuen.
“Ongizatea, garapena eta parte-hartzea”, EAJ-PNVren oinarri. Ohikoa den legez, orain arte alkate izan denak eman zion zumitzezko uztaia alkate berriari. Eta hark ere esker hitzak izan zituen hasieratik. “Gaur egun handia da niretzat, emozioz betetako eguna. Zintzotasun osoz eta umiltasunez hitz egin nahi dizuet alkate berri gisa. Eskerrak eman nahi dizkizuet Debako alkate izateko aukera emateagatik, EAJ-PNVn jarritako konfiantzagatik. Eskerrak eman nahi dizkiet maiatzaren 28an ausart bozkatu zuten debar guztiei, aldaketaren alde egiteagatik, beraien erabakiarekin erronkari eusteagatik”.
Orain Debak izan duen “jarrera eta prestutasuna” ere eskertu zituen alkate berriak, akordiora iristeko emandako pausoengatik eta alkatetza ahalbidetzeagatik eta alderdiko kide dituen pertsonentzat ere esker oneko hitzak izan zituen. Halaber, osoko bilkuran datozen lau urteetako erronkari heldu dioten zinegotziak zoriondu zituen.
Agintaldi berrian hiru zutabetan (“ongizatea, garapena eta parte-hartzea”) oinarritutako pausoak emango dituztela aurreratu zuen Txurrukak eta herritarrekin duen konpromisoa berretsi zuen: “Zuengandik gertu nagoela jakitea nahi dut, gogoa eta ilusioa ez ditut falta, eta lan egitera nator, Debaren mesedetan jardutera”.