Maiatzeko udal hauteskundeetarako programa prestatzen ari dira Debako jeltzaleak, eta azpimarratu dute bide orri hori herritarren proposamenekin “aberastea” dutela helburu. Hori horrela, entzute ariketa abiatu dute. “EAJrentzat eta Alazne Txurruka Allika alkategaiarentzat lehentasuna da debarren iritzia ezagutzea eta haien beharrak entzutea”.
Jeltzaleen batzarrak Txurruka aukeratu zuenetik, gainera, zerrendaburua hainbat herritar, elkarte, klub, eragile, merkatari eta enpresekin bilerak egiten ari dela ere jakitera eman dute. “Bada garaia bizi garen paralisitik ateratzeko, eta elkarrekin aurrera egiteko. Eta horretarako, beharrezkoa da herritarrak entzutea”, dio alkategaiak.
Eurekin komunikatzeko, eta proposamenak edo beharrak helarazteko hainbat bide ipini dituzte
Prozesua “aberasgarria eta beharrezkoa” izaten ari dela gaineratu du Txurrukak. “Debari buruz duten iritzia ezagutu nahi dut, euren egunerokoan aurkitzen dituzten arazoak jakin, eurengandik hurbilago dauden gauzak, familia, etxea, auzoa… ezagutu. Debarren kezkak ezagutzea beharrezkoa da Deba hobe baterantz abiatu nahi badugu, guztiok nahi dugun herria lortzeko bidea hori da”.
Eurekin komunikatzeko, eta proposamenak edo beharrak helarazteko hainbat bide ipini dituzte. 611 20 34 14 telefono zenbakira deitu edo whatsapp mezu bat bidali edo nahiago dutenek eajdeba@gmail.com helbide elektroniko bat bidaltzeko aukera izango dute. Mezu eta dei guztiei pertsonalki erantzungo diela nabarmendu du Txurrukak. “Guztiei nik erantzungo diet”.
Nahi duten herritarrek, gainera, inkesta labur bati erantzuteko aukera ere izango dute. “Sare sozialen eta Whatsapp bidez zabalduko da, eta kartelak ere ipini ditugu herriko hainbat lekutan galdetegiaren QRa eskaneatu ahal izateko (https://labur.eus/debaentzunez). Etorkizuneko Deba denon artean erabakiko dugu; Debak aurrera egingo du inor atzean utzi gabe”.