Lizitaziora atera dute Lastur eta Deba arteko PR-GI 44 kanala hobetzeko proiektua

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2025ko mai. 13a, 10:26

Udalak jakinarazi du proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 20ra arte egongo dela zabalik.

Debako Udalak jakinarazi du zabalik dagoela Lastur eta Deba artean PR-GI 44 kanala hobetzeko eta balioan jartzeko lanak egiteko lizitazio-prozesua. Esku-hartze hori Europar Batasunak finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen da (NextGenerationEU).

Zehaztu dutenez, kanalaren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea, eta, aldi berean, espazioaren jasangarritasun turistikoa hobetzea da proiektu honen helburua.

Proiektuaren xehetasunak

Deba eta Lastur lotzen dituen PR-GI 44 kanaleko esku-hartzeak natura- eta paisaia-garrantzi handiko eremu hau egokitu eta balioetsi nahi ditu. Kanalak Euskal Kostaldeko Geoparkearen ingurune babestu bat zeharkatzen du, baina gaur egun egoera kaskarrean dago zenbait eremutan eta horrek arriskuak sortzen ditu erabiltzaileentzat.

Esku-hartzearen bitartez pasabide-plataforma hobetu, kanala egokitu, zoladura-zatiak berrikusi eta inguruko kultura- eta natura-balioei buruzko informazio-seinaleak jarriko dituzte.

Proiektua Europar Batasunak finantzatutako jasangarritasun turistikoko programaren baitan kokatzen da, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 14. osagaiaren barruan, hain zuzen, eta 139.709,92 euroko aurrekontua du; horietatik 115.462,74 euro obra gauzatzeko erabiliko dira, eta bi hilabeteko epean egitea aurreikusten da.

Proposamenak aurkezteko epea 2025eko maiatzaren 20ra arte egongo da zabalik.

Udal iturrien esanetan, esku-hartze honekin, kanalaren azpiegitura hobetzeaz gain, naturgune honen erabilera jasangarriagoa sustatu nahi dute, ingurumena eta tokiko kultura errespetatzen dituen turismoa sustatuz.