Zabalik dago udako zaintza, salbamendua, laguntza eta bainu lagunduen zerbitzua kontratatzeko prozesua

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2025ko api. 8a, 10:44

Zerbitzu hori Santiago eta Lapari hondartzetan emango da, bertako erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko eta kalitatezko arreta-zerbitzua eskaintzeko. Kontratuak urtebeteko iraupena izango du eta interesa duten pertsonek edota enpresek apirilaren 30a bitarte izango dute beren proposamenak telematikoki aurkezteko, kontratazio plataformaren bitartez.

Santiago eta Lapari hondartzetan zaintza, salbamendua, laguntza eta desgaitasuna duten pertsonentzako bainu lagunduen zerbitzua kontratatzeko prozesua zabaldu du Debako Udalak. Zerbitzu honen helburua da udako hilabeteetan hondartzetako erabiltzaileen segurtasuna eta gozamena bermatzea, arreta berezia jarriz mugikortasun urriko pertsonen integrazioan eta sarbidean.

Udarako zerbitzu integrala

Kontratuak urtebeteko iraupena izango du, luzatzeko aukerarekin, eta Santiagoko eta Lapariko hondartzetako zaintza, salbamendu eta laguntza-zerbitzuak hartzen ditu barne. Horrez gain, desgaitasuna duten pertsonentzako bainu lagundurako zerbitzu espezializatua ere eskainiko da Santiago hondartzan, pertsona guztiek itsas inguruneaz segurtasunez eta modu irisgarrian gozatzeko aukera izan dezaten.

Kontratuan jasotako zerbitzuak

Kontratuak hondartzetako erabiltzaileen segurtasunerako eta gozamenerako funtsezko zerbitzuak jasotzen ditu, hala nola bainu-eremuak mugatzea, etengabeko zaintza, gorabeheren aurrean azkar jardutea eta larrialdietan berehalako laguntza ematea. Gainera, desgaitasuna duten pertsonentzako bainu lagundurako zerbitzu espezializatua egongo da Santiago hondartzan, itsasora ekipo egokiekin sartzen direla bermatzeko. Uretako kirol-eremuak gainbegiratzea eta surf eskolak zaintzea ere jasotzen da zerbitzu honen baitan, azken hauek dagozkien araudiak betetzen dituztela ziurtatzeko.

Zaintza eta salbamendu zerbitzuak ekainaren 13tik irailaren 14ra egongo dira martxan, 11:00etatik 19:00etara ekainean zein irailean, eta 10:30etik 20:00etara uztailean eta abuztuan.

Proposamenak aurkezteko baldintzak eta epeak

Proposamenak aurkezteko interesa duten enpresek edota pertsonek apirilaren 30era bitarte izango dute epea, telematikoki, kontratazio-plataformaren bidez.

Prozesu honen helburua da zerbitzuak udalak eskatutako segurtasun-, kalitate- eta irisgarritasun-estandarrak betetzen dituela bermatzea, eta udan Debako erakargarritasun turistikoa indartzea.

Informazio gehiago nahi dutenek lehiaketaren oinarriak kontsultatu ditzakete hemen.