Zabalik dago Ondargain taberna ustiatzeko kontratazio prozesua

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2025ko mar. 13a, 09:40

Interesa duten pertsonek zein enpresek Eusko Jaurlaritzaren kontratatzailearen profilean, Debako Udalaren erregistro elektronikoan edo aurrez aurre Debako udaletxean aurkeztu ditzakete beren proposamenak. Martxoaren 25era bitarteko epea dago.

Debako Udalak udalerriko hondartzan kokatuta dagoen Ondargain taberna zein kafetegia eta komun publikoa kudeatzeko kontratazio-prozesua ireki du. Emakida horri esker, establezimendua urtebetez kudeatu ahal izango da, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.

Ostalaritzan esperientzia eta zerbitzua kudeatzeko gaitasuna duten pertsona autonomoak zein enpresak aurkez daitezke kontratazio prozesu honetara. Esleipen-irizpideen artean, besteak beste, eskaintza ekonomikoa, zerbitzuaren kalitatea, ingurumenarekiko konpromisoa eta langabezian dauden pertsonen kontratazioa hartuko dira kontuan.

Pertsona edo enpresa esleipendunak Ondargaineko lokalean eta ondoko terrazan eskaini beharko du taberna zein kafetegi zerbitzua eta bertako komun publikoa ere kudeatu beharko du. Era berean, esleipendunaren ardura izango da espazioaren mantentzea eta garbitasuna bermatzea, higiene eta segurtasun-araudiak errespetatzea eta hondakinak behar bezala kudeatzea. Horrez gain, ezinbestekoa izango da langileek, bereziki jendaurrean arreta ematen dutenek, euskaraz jakitea.

Era berean, establezimenduak aurrez zehaztuta dauzkan gutxieneko zerbitzuak zabaltzeko asmoz eta herritarrei aukera zabalagoa eskaintzeko helburuz, gutxienez Aste Santutik urriaren 31ra arte ireki beharko du, honako ordutegian:

  • Udako denboraldia (ekainaren 1etik irailaren 30era): 10:00etatik 20:00etara, itxiera egunik gabe.
  • Aste Santua (jaiegunetan): 10:00-20:00.
  • Maiatza eta urria: egunero irekita, asteko atseden-egun batekin (ostiral, larunbat, igande eta jaiegunetan izan ezik).
  • Aste Santutik maiatzera: asteburuetan irekita (ostiral, larunbat eta igandeetan) udako ordutegi berean.

Eskaintzak aurkezteko epea martxoaren 25ean amaituko da. Proposamenak telematikoki Eusko Jaurlaritzaren kontratatzailearen profilaren bidez, Udaleko erregistro elektronikoaren bitartez edo aurrez aurre Debako Udalean (Portu kalea 1, 20820 Deba, Gipuzkoa) aurkeztu ahal izango dira.

Informazio gehiagorako, baldintza-agiriak eta dokumentazio osagarria Debako Udalaren kontratatzailearen profilean daude eskuragarri.