- Sarbidea bermatuta guztiontzat: udalak azpimarratu nahi du herritar bakar batek ere ez duela liburutegirako sarbidea mugatuta. Pertsona guztiek dute sarbide-eskubidea bermatuta, adina edo generoa edozein dela ere. Alde horretatik, ez dago inolako diskriminaziorik. Liburutegia Debako biztanle guztientzako gune irekia eta irisgarria da.
- Muga egonaldian, ez sarbidean: 2 urtetik beherakoentzat ezarri den muga bakarra liburutegiko egonaldiaren iraupenari lotutakoa da. Adin horretako haurrak liburutegira sar daitezke, guraso edo zaintzaileekin batera, liburutegiko materiala aukeratu eta etxera eramateko, hala nola liburuak, aldizkariak eta beste baliabide batzuk. Denbora luzez espazioan egotea da mugatzen dena, hau da, ezin dute liburutegira goiz edo arratsalde pasa joan. Ez zaie, ordea, inondik-inora, liburutegira sartzea edota liburutegiko materialaz gozatzea mugatzen edota ukatzen.
- Irakurzaletasuna ingurune desberdinetan sustatzea: Irakurzaletasuna txikitatik sustatzea Debako liburutegiaren helburu eta lehentasun nagusietako bat da, baina irakurtzeko ohiturak sustatzea ez da liburutegiaren ardura soilik eta, horrenbestez, ez luke espazio horretara soilik mugatu behar. Izan ere, gurasoek eta hezkuntza-erakundeek funtsezko zeregina dute ohitura horien garapenean, bai etxeetan, bai eskoletan ere. Beraz, 2 urtetik beherakoek liburutegian denbora luzez egon ezin izateak ez du esan nahi liburutegiak Debako haurren irakurzaletasuna sustatzeari mugak jartzen dizkionik. Are gehiago, liburutegiak hain zuzen ere horregatik eskaintzen du 0 urtetik gorako haurrentzako materiala maileguan. Irakurzaletasuna hainbat ingurunetan susta daiteke, ez liburutegiaren barruan bakarrik.
- Liburutegia ez da ludoteka bat: Garrantzitsua da azpimarratzea liburutegia ez dagoela ludoteka gisa diseinatuta. Horrek esan nahi du margotzea edo liburuak eta beste baliabide bibliografiko batzuk kaltetu ditzaketen beste edozein eskulan egitea ez dela egokia espazio honetan. Izan ere, gertatu izan dira horrelako jardueren ondorioz liburutegiko materialari eragindako kalteekin lotutako gorabeherak.
- Liburutegiaren arauak eta erabilera errespetatzea: Liburutegia Denontzat Taldeak bere idatzian ondo azaldu bezala, liburutegia guztiontzako espazio publikoa da. Udalerriko beste establezimenduek bezala, hala nola, dendak, tabernak, supermerkatuak… liburutegiak ere bere arauak ditu espazioaren erabilera egokia bermatzeko. Arau horien helburua ez da inor diskriminatzea, espazioa arduraz eta errespetuz erabiliko dela ziurtatzea baizik. Arau horiek betetzea beharrezkoa da espazioan benetako errespetua eta elkarbizitza bermatzeko.
Amaitzeko, liburutegia Debako herritar guztien eskura dagoen baliabidea dela azpimarratzen du beste behin Debako Udalak. Pertsona guztiek liburutegira sartzeko eskubidea bermatuta dutela berretsi du, zerbitzuen kalitatea eta liburutegiko materialaren kontserbazioa mantentzea helburu duten barne-araudiak errespetatuz.