Pasa den astean bildu ginen Udaleko ordezkariekin eta liburuzainetako batekin Liburutegia Denontzat Taldekoak, baita gure babes diren 500 sinadurak, 500 herritar, ere. Ateak itxi dizkiote herritar guztiak aintzat hartuko dituen liburutegi eredu berriari, umeak eta euren zaintzaileak diskriminatzen ez dituen liburutegiari. Denon liburutegiari.
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen baitan dago Debako Udal liburutegia, publikoa da, herritar guztiona, baina haurren sarrera mugatzen du. Diskriminatzen ditu umeak eta horien zaintzaileak; batez ere emakumeak, zaintza lanetan dihardutenak gehienak emakumeak baitira. Bada ez du aintzat hartzen IFLA-UNESCOren 1994ko manifestua; ezta 11/2007 Legea ere, liburutegiei buruzkoa; ezta haurrak eta nerebeak zaintzeko eta babesteko legea ere (3/2005 Legea); eta ezta EAEko berdintasun legea (1/2023 Legea) ere.
Ezezko itxiaren aurrean gure proposamena liburutegiaz gozatzen hastea da. Baikor gatoz. Gaurko haur irakurleak, biharko heldu irakurleak izango dira, eta ez gaude prest idatziz inon jasotzen ez den araurik betetzeko. Ezin zaie umeei liburutegia erabiltzeko aukera mugatu eta kendu.
Izan ere, idatzizko arautegiak ez du jasotzen 0-2 urteko herritarrak ezin direnik egon liburutegian; ezta adinekako ordutegi diskriminatzailea ere; ezta haur liburutegian umeek marrazkirik ezin dutenik egin ere. Gaurko haur ilustratzaileak, biharko heldu ilustratzaileak izango dira. Ezin zaie aukera kendu.
Liburutegia errespetuz erabiliko dugu, elkarbizitza zainduz, eta bertaratuko gara aukera dugunean, nahi dugunean, ahal dugunean, eta nahi dugunarekin; margotzera, lanak egitera, irakurtzera edo musika entzutera. DENONA DA.
Liburutegia erabiltzerakoan arazorik baduzu, kontaiguzu. Jarri gurekin harremanetan: liburutegiadenontzat@gmail.com helbidera idatzita edo sare sozialen bidez partekatuz (LDenontzat).
Liburutegia Denontzat Taldea