Euskaraldia

Euskaraldia antolatzeko batzar irekia egingo dute gaur Ispiluen gelan

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2025ko urt. 30a, 10:15

18:00etan jarri dute hitzordua eta bileran parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Aurten, estreinakoz, udaberrian izango da Euskaraldia: maiatzaren 15etik 25era bitartean. Eta Deban herri batzordea osatzeko lehen bilera egingo dute gaur arratsaldean. Batzarrerako deialdia pasa den astean iragarri zuten, bideo baten bitartez.

Bertan gogorarazi bezala, euskararen erabilera sustatzeko Euskaraldiaren laugarren edizioa Elkar mugituz egingo dugu lelopean egingo da. Eta, ekimenarekin bat eginez, lehenengo pausoak eman ditu dagoeneko Debak, beste hainbat udalerriren antzera. Izan ere, Euskaraldian parte hartzeko izena eman zuen udalerriak.

Oraingo honetan, herri batzordea osatzeko lehen bilera egingo dute. Euskaraldiko sustatzaileek gogorarazi bezala, "batzordearen helburua Debako euskaltzaleak elkartzea da. Elkar ezagutzea, indarrak batzea… eta nork daki, agian luzera begira herrian eragingo duen talde egonkor bat sortzea ere bai". Horregatik, azpimarratu dute batzordea irekia dela eta "denontzako lekua" dagoela bertan. Horiek hala, taldera batzeko eta bileretan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Batzordean parte hartzeko interesa dutenek Euskaraldiaren telefonora deitu (688 87 24 89) edo deba@euskaraldia.eus helbide elektronikora idatz dezakete.