Banatu dituzte aurtengo Ostolaza Sariak

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan

Joan den larunbatean banatu zituzten Ostolaza Sariak, Kultur Elkarteak antolatutako Bazkidearen Egunaren bueltako egitarauaren baitan. Sarituak ez ezik, beste hamarnaka herritar ere hurbildu ziren ekitaldira.

Jose Manuel Ostolazaren bizitzaren errepaso txiki bat eginez eman zitzaion hasiera larunbateko ekitaldiari; Alex Turrillas Aranzetak hartu zuen hitza bertaratutakoen aurrean, eta ondoren ohorezko agurra dantzatu eta lore-sorta eskaini zioten.

Valladoliden jaio zen Ostolaza, 1875. urtean, bere gurasoak hara joanak baitziren gerra karlistatik ihesi; jaio eta hilabete gutxira ekarri zuten Debara eta bertan hazi zen. Gerora, Mexikon eta AEBetan enpresari lanetan aritu zen eta bere ondasunen zati garrantzitsu bat dohaintzan eman zuen EBEFO eraikina sortu (Ostolaza Fundazioaren Emigranteentzako Liburutegi Eskola) eta Debako kultura sustatzeko. Mexiko Hirian zendu zen, 1954an. Bere ekarpena aitortu nahian, Ostolazari omen egitera datoz aurten bigarren urtez banatu dituzten kultur sariak ere.

Udalerriko kultur jarduera aberasten laguntzen duten herritarren edo erakundeen lana aitortzea eta aintzatestea dute helburu Ostolaza Sariek. Hauek dira aurtengo sarituak eta epaimahaiak emandako ebazpena:

  • Sortzaileak Saria: Jose Ignacio Treku

Margolaritzan izandako ibilbide luze eta etengabeagatik. Debako zein Debabarreneko beste herri batzuetako ikasleekin pinturaren arloan egindako lan pedagogikoagatik. Bere paletatik ateratako koloreak hainbat kontinentetako etxeak apaintzen eta alaitzen dituzten artelan bihurtu direlako. Gure herriaren historia, kondairak eta etnografia irudi bilakatzeagatik eta egindako lanek gure herriko kultura zabaltzen lagundu dutelako.

  • Dinamikak Saria: Nagusilan

Kolektibo honek nahi gabeko bakardade egoeran bizi diren adineko pertsonei laguntza ematen die. Beren etxeetan, eguneko zentroetan, egoitzetan... Batzuetan telefonoz, kafe bat partekatuz beste batzuetan... baina gizatasunez beti. Elkarrizketa bat, paseo bat, irakurketa partekatu bat... eguneroko "keinu errazak" dira, behar bezala baloratzen ez ditugunak benetan horien beharra daukagun arte. Gaur egun, herriko taldeak hamar boluntario ditu; gehien behar dutenei denbora, arreta eta maitasuna eskaintzen dieten hamar pertsona.

  • Ezinbestekoak Saria: Haitz-Haundi Elkarte Artistikoa

Elkarte honek hainbat hamarkada daramatza artea ereiten. Borondatezko lana, eskuzabaltasuna, iraunkortasuna. Pintura ikastaroak, erakusketak, tailerrak... urte hauetan antolatutako jarduera bakoitza herriko artisten sormena loratzeko ate ireki bat izan da. Bertako kideen isileko lanari esker, herriko artistek formakuntza jasotzeko eta beren sorkuntzak herriari erakusteko aukera izan dute.

  • Hazia Saria: Josu Salegi

Gazte-gaztetatik aktiboki parte hartu du herriko musika eszenan. Musika Eskolan eta Debako Musika Bandan hasi zen bere musika heziketa, baina pausoz pauso Musikene Euskal Herriko goi mailako musika ikastegian bere tokia lortu zuen. Izan duen prestakuntza akademikoaz harago, bere talentua kaleetan eta eszenatokietan ondu da. Energia positiboa eta pasioa; saxofonista nekaezina, jazzaren militantea. Debako eta Lekeitioko musika eskoletako irakaslea. Jazzez Blai jaialdia, kontzertuak, jam sesion-ak... eta beste hainbat musika proiekturen antolatzailea.

Sari banaketa ekitaldian kultur sortzaile ezberdinen emanaldi laburrak ere izan ziren. Partaideen artean izan ziren Gure Kai eta Kalez Kale txistulariak, Josu Salegi eta Miguel Laguna, Hector Aldalur, Nahia Garaikoetxea eta Skabidean taldea eta Rafael Bravo idazlea.