Pasa den urtarrilaren 27an mobilizatzeko deialdia egin zuen Palestinarekin Elkartasuna taldeak, Sionismoarekin konplizitaterik ez! CAF Palestinatik kanpora! lelopean. Mezuak berak adierazten duen bezala, CAF euskal enpresak Erakunde Sionistarekin duen konplizitatea salatzea izan zen manifestazio nazional horren helburu nagusia. Milaka lagun bildu ginen horretarako Ordizian, palestinarren erresistentziaren alde.
Izan ere, Jerusalemgo tranbiaren hedapenean parte hartzen duen enpresa nagusietako bat da CAF. Tren horren bitartez, Palestinako lurralde okupatuetako kolonien arteko garraio bidezko konexio-sarea bermatzen da, Jerusalemgo hiria sionismoaren kontrolpean dauden gainerako hiriekin lotuz. Palestinarekin Elkartasuna taldeak gogorarazi zuen bezala, proiektu hau legez kanpokoa da. Trenaren eraikuntza eta hedapena okupazio sionista betikotzeko ahaleginean garatutako beste estrategietako bat da; palestinarren jabetza gehiago lapurtu, lekualdatze masiboak baimendu eta lurralde palestinarrak anexionatzea ahalbidetzen du. Okupazio eta kolonizazio egoera hau elikatzeko ezinbestekoa da mendebaldeko gobernuen eta CAF bezalako enpresen konplizitatea. Eta, mundu mailako kolektibo ezberdinek kolaborazio harreman hauek salatu dituzten arren, CAFek eta Eusko Jaurlaritza bezalako akziodunek palestinarrak pairatzen ari diren genozidio sionistaren konplize zuzenak izaten jarraitzen dute.
Herrian ere egin dezakegu, egin behar genuke
Deban ere bazegoen zer esanik. Manifestaldia zela eta, urtarrilaren 27an bertan, Debako hondartza eta portua Palestinarekiko elkartasun mezuz beteta esnatu ziren.
"Genozidio sionistaren aurrean, elkartasuna adierazteko eta palestinar herri erresistentziari babesa emateko momentua da egun bizi duguna"
Urte luzez Europako hainbat estatutako banderak ikusi ditugu mastetan —Palestinak jasandako sarraskiaren erantzule zuzenak dira estatu horietako asko—, baina urtarrilaren 27ko goiz hartan bandera palestinarrek jantzi zuten pasealekua, baita CAFek sionismoarekin duen konplizitate harremana salatzen zuten mezuek ere.
Gure aldarrikapen keinuak, ordea, asteburuak bezainbeste iraun zuen soilik: aste berria hasi bezain pronto eman zuen Debako Udalak banderak erretiratzeko agindua.
Idatzi honen bitartez, udalaren erabakiarekiko gure desadostasuna adierazi nahiko genuke. Palestinan jasaten ari diren genozidio sionistaren aurrean, elkartasuna adierazteko eta palestinar herri erresistentziari babesa emateko momentua da egun bizi duguna. Gure herritik hasita ere egin dezakegu, egin behar genuke.