Ganadurik gabe, ezohikoa izan da Itziarko Peria aurten. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak abere azokak debekatu dituzte Hego Euskal Herrian, dermatosi nodular kutsakorrari aurre egiteko prebentzio neurri gisa eta, beraz, larunbatean (azaroak 1) ez zen animalien posturik izan Itziarko industriagunean.
Animaliek lagatako hutsune hori, hala ere, sagarraren munduari "merezi duen aitortza" eginda bete zuten antolatzaileek. Besteak beste, sagar biltze lanetan erabiltzen den makineriaren presentzia handiagoa izan zen eta sagar posturik onenaren sariketa ere egin zuten estreinakoz. Horrekin batera, sagargintzari eskainitako erakusketa erraldoi bat ere izan zen ikusgai azoka eremuan; euskal jatorriko 135 sagar mota izan ziren ikusgai bertan.
Larunbateko hitzordua, gainera, Itziarko Periak hiru hamarkadaz egindako bidea gogoratzeko eta ekimen honen sustatzaileek egindako lan guztia eskertzeko ere baliatu zuten. 13:00etan egin zuten ekitaldia eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, omenduak "oso eskertuta" agertu ziren azoka eremuan bertan jasotako aitortzarekin.
Aurreko edizioen ildotik, 200 bat postu izan ziren industrialdeko eremuan eta, aurten, berritasun bezala, Lizarbe Guraso Elkartekoek jarritako tonbola ere izan zen. Guztira, 2.000 saritik gora banatu zituzten.
Balorazio positiboa
Eguraldiak asko lagundu ez zuen arren, gustura geratu dira hitzordua auzolanean antolatu duten Itziarko Peria Batzordeko eta Itziarko Auzo Udaleko kideak. Azpimarratu dutenez, feria, oro har, ondo joan zen, baina eguraldia tarteko, azoka eremuan jende gutxiago ibili zela aipatu dute.
Aurreikusitakoa baino jende gutxiago ibili bazen ere, feriari buruzko balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. "Jendearen erantzuna aparta izan da eta boluntarioena zer esanik ez. Orokorrean, eskertuta eta gustura ikusi dugu etorri den jendea, baita postuetako saltzaileak ere".