Urteroko tradizioari eutsiz, azaroaren 1ean egingo da auzolanean antolatutako Itziarko Peria. Dena den, oso bestelakoa izango da hitzordua. Izan ere, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak abere azokak debekatu dituzte Hego Euskal Herrian, dermatosi nodular kutsakorrari aurre egiteko prebentzio neurri gisa.
Eta erabaki horrek zuzenean eragingo dio Itziarko hitzorduari ere. 
Ganadurik gabe bada ere, ekimenari eutsiko diotela nabarmendu dute Itziarko Peria Batzordeko eta Itziarko Auzo Udaleko kideek. Gainera, aurten 30 urte betetzen ditu Itziarko Periak eta ekimena txukun prestatzeko "ahalegin berezia" egin dutela azaldu dute. 
200 bat postu
Aurreko edizioen ildotik, 09:00etatik 14:00etara zabalduko dute azoka eta 200 bat postu jarriko dituzte industrialdeko eremuan. Itziarrera gerturatzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute (autobusak jarriko dituzte).
Berritasun gisa, aurten sagarraren munduari "merezi duen aitortza" egitea erabaki dute antolatzaileek. Eta, besteak beste, sagar biltze lanetan erabiltzen den makineriaren presentzia handituko dutela aurreratu dute. Halaber, sagar posturik onenaren sariketa ere egingo dute estreinakoz.
Erakusketa
Sagargintzari eskainitako erakusketa izango da aurtengo beste berritasunetako bat. Antolatzaileek azaldu dutenez, fruitu horrek inguruotan izan duen garrantzia aldarrikatzea da ekintza horren xedea: "Sagardogintza parajea omen da Itziar; horren adierazle dira oraindik ere martxan diren hainbat dolare".
Euskal jatorriko 135 sagar mota jarriko dituzte ikusgai 45 metro inguruko espazio batean; sagardotarako erabiltzen diren 95 sagar mota eta jateko beste 40 izango dira tartean. Gainera, sagarrondo txertaketa mota ezberdinen erakusketa ere egingo dute.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, hau izango da Gipuzkoan orain arte ikusi den sagargintza eta sagardogintza erakusketarik handiena. Bestalde, Aitor Etxeandia Fruitel elkarteko teknikariaren hitzaldi bat (Euskal sagar barietateak eta oinarrizko zaintzak) ere antolatu dute gaurko (Burugorri gainean); 18:30ean izango da hitzordua.
Aitortza
Itziarko Periak hiru hamarkadaz egindako bidea gogoratzeko eta ekimen honen sustatzaileek egindako lan guztia eskertzeko baliatu nahi dute 30. urteurrena.
Gogorarazi dutenez, feria 1994an antolatu zuten lehen aldiz, Herria Sortzen plataformaren ekimenez. "Garai hartan Itziar herri izateko segregazio-prozesuaren ardura zuen plataformak. Eta prozesua aurrera eramateko dirua behar zela ikusita, ganadu feria antolatzea erabaki zuen, Itziarren sorreraren 700. urteurrena ospatzen zela aprobetxatuz. Dirua batzea zen, beraz, helburua".
Hasierako urteetan "hainbeste lan" egin zutenei omenaldia egingo diete 13:00etan
1994an bidea hutsetik hasi zutenen lana eskertzea eta aitortzea "beharrezkotzat" jo dute gaur egungo antolatzaileek. Horiek horrela, omenaldi bat egingo diete urte haietan "hainbeste lan" egin zutenei. Azpimarratu dutenez, "giltzarria izan da denbora luze honetan herritar ugarik isilpean eta auzolanean egindako lana, baina auzolanean jendarte zabala aritu den arren, izen-abizen konkretuak izan zituen hasierako antolaketa hark".
Herria Sortzeneko juntakideek eta haiekin batera boluntario gisa inplikatutako hainbat bultzatzailek osatu zuten lehenbiziko talde eragile hura. Bada, herritar horiek izendatu eta gorazarre egingo diete azokan 13:00etan izango den ekitaldian.
Tonbola
Aspaldiko partez, gainera, feriaren hasierako urte haietan antolatzen zuten tonbola ere berreskuratuko dutela jakinarazi dute. "Herria Sortzeneko kideek tonbola bat antolatzeko ohitura zeukaten eta haiek egindakoa nolabait omendu eta aitortu nahian Lizarbe Guraso Elkartekoek ekimena berreskuratzea erabaki dute", adierazi dute.
2.000 sari baino gehiago izango dira jokoan guraso elkartearen tonbolan
2.000 sari baino gehiago egongo dira jokoan azoka eremuan aparkatuko duten kamioi batean; produktu gehienak musu-truk lortu dituztela argitu du Ihintza Irizar Lizarbe Guraso Elkarteko kideak. "Bertako eta inguruko 100 bat taberna, jatetxe, landetxe, enpresa eta artisaurekin jarri gara harremanetan materiala lortzeko".
Sarien artean, besteak beste, LHko 48 ikaslek eskuz egindako loreontziak eta eskumuturrekoak irabazteko aukera izango da. 
Irizarren esanetan, "tonbolak helburu argia izango du: Itziarko Eskola Txikiaren sorrera prozesua ekonomikoki laguntzea". Irabazien zati bat eskola hornitzera bideratuko dute eta gainontzekoa guraso elkartearentzat izango da.
Behean, 1994an egin zuten lehenengo ferian ateratako irudiak. Argazkiak, IXARMA BASERRIA.  
  
 
