Abuztuaren 6tik itxita egon ondoren, bihar zabalduko dute berriz ere Burugorri Ostatua. "Herritarren artean hain estimatua den topagunea" 19:00etan irekiko dute, pintxo-potearekin batera, eta Itziarko Auzo Udaletik hitzordura bertaratzeko deia egin diete herritarrei.
Jakinarazi dutenez, aurretik ere bertan aritu zen Lavinia Stefanica izango da kudeatzaile berria. "Zorterik onena opa diogu Laviniari etapa berri honetan", adierazi dute eta, gaineratu dute, orain arte bezala, eskaintza zabala izango duela ostatuak. "Irailean eta urrian, esaterako, egunero egongo da irekita, 09:00etatik 20:30era. Astebukaeretan, gainera, sukaldea ere zabalik izango da, ordutegi zabalagoarekin".
Zehaztu dutenez, urte hasieran abiatu zuten Burugorri Ostatuaren lizitazio prozesua, eta lehen hautagaiaren sei hilabeteko proba aldia amaitu ostean, baldintza guztiak betetzen zituen bigarren hautagaiari eskaini diote aukera. "Baldintza guztiak betetzen dituenez, berak du ostatua kudeatzeko eskubidea; ondorioz, hari eskaini zaio eta berak irekiko ditu ostatuaren ateak".
Auzo Udaleko ordezkariak pozik agertu dira zerbitzua berriro martxan jartzea lortu dutelako. Azaldu dutenez, azken asteotan ostatuaren ateak "ahalik eta azkarren" zabaltzeko lanean aritu dira.