Inbertsioak joan den astean (ekainaren 26an) aurkeztu zituzten enpresak Itziarren duen egoitzan. Bertan izan ziren Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordea; Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Amaia Arregi Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendaria, Alazne Txurruka Debako alkatea, Arantza Egaña Itziarko toki erakunde txikiko alkatea, Jon Ansoleaga SPRIko zuzendari nagusia, Xabier Ortueta AFM Clusterreko zuzendari nagusia, Nerea Aranguren Danobatgroupeko zuzendari nagusia, Francisco Javier Fernandez Goimekeko lehendakaria eta Aitor Txurruka Goimekeko zuzendaria.
Bertan azaldu zuten bezala, "nabarmentzekoa da sektore aeroespazialak eskatzen dituen mekanizazio eskakizun handietarako egokitutako eremu espezifiko bat sortu izana. Espazio berriak tenperatura kontrolatuko baldintzak ditu doitasun handiko piezen eta material zorrotzen mekanizazioa bermatzeko, hala nola titanioa, inconela, invarra, brontzea, kobrea, herdoilgaitzezko eta aluminiozko aleazioak, besteak beste".
Era berean, enpresak bere makineria berritu du mekanizazio handien gaitasuna handitzeko eta Soraluce fabrikatzailearen PR-W 17000 fresatzeko makina berritzailea da horren erakusgarri. Instalazio horrek 17 metroko luzera, 6 metroko zabalera eta 3,5 metroko altuera duten piezak mekanizatzeko ahalmena du, eta horrek Goimeki urrats bat harago joan eta makina berean 100 tonara arteko piezak mekanizatzeko aukera ematen dio. Gainera, makinak fresatzeko eta mandrinatzeko 3 buru ditu, erreminten aldaketa automatikoarekin, 180 erremintako biltegiarekin eta artezketa ahalmenarekin, besteak beste.
"Gaitasun berri horiei esker, balio erantsi handiko sektoreetako pieza handien esparruan erreferente izaten jarraituko dugu, egungo bezeroei beren piezetarako gaitasun eta dimentsio handiagoa eskainiz, eta, gainera, bezero berrietara sartzeko aukera emango digu", nabarmendu zuen Aitor Txurruka Goimekeko zuzendariak.
Azaldu zutenez, hori guztia honakoekin osatu du Goimekek: Danobat SGD artezteko makina tangentzial bat eta Soraluce FP- 8000 zutabe mugikorreko fresatzeko/mandrinatzeko makina bat, bost ardatzeko mekanizazio zentro bat (Hermle C42), hiru dimentsioko neurketa sistemen modernizazioa, neurri handiko pieza berrien kalitatea neurtzeko eta egiaztatzeko prestatutako ekipo berri batekin, etorkizuneko hazkunde beharretarako lurra erostea, bezeroei zerbitzu gehigarria emateko espazio berrien egokitzea eta bulego espazio berriak.
"Instalazio berri horiekin, gure bezeroekiko hurbiltasuna ere irabazi nahi dugu, haiek eta beren bezeroek benetako balioa ematen dien eta hazkundea bultzatzen duen partner estrategiko gisa ikus gaitzaten. Haiek aurrera egiten dutenean, guk ere egiten dugu", gaineratu zuen Aitor Txurrukak.
Erronka: fakturazioa % 25 handitzea
2024aren itxieran 12 milioi euroko diru sarrerekin, 90 pertsona baino gehiagoko plantillarekin eta Itziarko azalera eraikigarriko 15.000 metro koadrorekin (gaur egun eraikitakoa barne), inbertsio berri horiekin hurrengo ziklo estrategikoan fakturazioa % 25 handitzea da Goimeken erronka.
Eta, azpimarratu zutenez, "inbertsio horiek aurkezteak esan nahi du Danobatgroupek bere azken 2021-2024 plan estrategikoan egindako inbertsio zikloa itxiko dela, 80 milioi euro inbertituta Danobat, Goimek eta Soraluce taldeko kooperatibetan". Plan honek Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Bilakatu programaren laguntza izan du.
Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordearen esanetan, "Goimeken eta Danobatgroupen apustua adibide argia da ikusteko euskal industria, erakundeen laguntzarekin, gai dela nazioartean erreferente eta lehiakor izateko Euskaditik, eta gainera, tokiko eta kalitateko enpleguaren jasangarritasunak markatutako balioekin".