Ganadutegiak berak eman du erabakiaren berri sare sozialetan: "Gogorra zaigu Saka ganadutegiko animalia guztiak desagertuko direla onartzea. Zoritxarrez, tuberkulosiaren intzidentziari ezin izan diogu aurre egin, ez gara gai izan egoerari buelta emateko, eta askok ulertzen ez dugun arren, gauzak horrela dira".
Plazaratutako mezuan azaldu bezalaxe, "egoera honi ahalik eta jokaera sendo eta irmoenarekin aurre egin eta gure animaliek erakutsi diguten bideari jarraitzeko intentzio osoa dugu. Ezin dugu mendeetako lana edonola baztertu, ezta gure etxeak izan duen garrantzia ukatu ere; ez gara gu kikiltzen diren horietakoak, eta ez dugu gure izena hiltegian desagertzen utziko. Ez da berdina izango, baina guk berdinak izaten jarraituko dugu".
"Arraza eta mundu hau gehiegi maite dugu dena ezerezean geratzeko", gaineratu dute. "Berain ohorea azaleratzeko, guregatik eta denongatik egin duten guztia eskertzeko eta soka eten ez dadin, lanean jarraituko dugu kosta ahala kosta".
Bide batez, eskerrak eman dizkiete hainbeste urtez "euskarri eta babesle" izan diren guztiei, "errekortari, zale, ganaduzale, enpresa, udaletxe eta lagunei orokorrean, eskerrak eman nahi dizkizuegu gurekin egindako bideari zentzua eta arrazoia emateagatik". Nabarmendu dute horiekin errazagoa izango dela "gaurko zulo beltzetik ateratzea". "Mila esker gure bizitzako momenturik politenetan lagun izateagatik".