Erabilgarri dago Itziarko herri sarrera nagusian eraiki duten espaloi berria

Berriketan 2024ko aza. 21a, 12:00

Industrialdeko sarbidea hobetzeko lanekin batera gauzatu dute obra. 

Sei hilabeteren ostean, duela gutxi amaitu dituzte Itziarko industrialdeko sarbidea hobetzeko lanak.  GI-3210 errepidearen segurtasuna areagotzeko helburuarekin, Kanala Hotelaren pareko bihurgunea zabaldu dute eta obra, gainera, eremuan espaloi berria jartzeko aprobetxatu dutela jakinarazi dute Itziarko Auzo Udaleko iturriek.

Zehaztu dutenez, 280 metroko luzera eta bi metroko zabalera dituen espaloia sortu dute, Hostal parean jarritako autobus geltokiaren eta Kanala Hotela lotzen dituen errepidearen ertzean. Orain arte, oinezkoentzat egokitu gabe zegoen zati hori. Azaldu dutenez, herrigunera igo nahi zutenek errepide hegaletik joan beste aukerarik ez zuten, baina egindako eraldaketari esker, herritarrak arriskurik gabe igo ahal izango direla azpimarratu dute.

"Azken zertzelada batzuk" falta badira ere, azpiegitura berria erabilgarri dagoela iragarri dute tokiko entitate txikiko iturriek. "Besteak beste, argiteria falta du. LED teknologiadun kale-argiak jarriko dira ibilbide osoan zehar, eta lan horiek, herrian zehar egiten ari garen argiteria publikoa berritzeko lanen barruan egingo dira. Inguruan, gainera, zuhaitz landaketa bat ere egingo dugu, bertatik igarotzen direnek itzala izan dezaten", zehaztu du Arantza Egaña auzo alkateak.

Erakundeen arteko lankidetzaren emaitza

Adierazi dutenez, industrialdeko sarbidea hobetzeko lanen proiektuak ez zuen hasiera batean espaloirik aurreikusten, hori hala, egokitzeko eskatu zuten. "Itziarko Auzo Udalak eta Debako Udalak eskaera luzatu genion Gipuzkoako Foru Aldundiari. Izan ere, errepidea herri sarreratik autobus geltoki nagusira jaisteko bide bakarra da, eta oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna bermatu nahian egokia iruditzen zitzaigun espaloi bat eraikitzea".

Eskaria aztertu ostean, Aldundiko Errepide Sailak espaloia egiteko konpromisoa hartu zuen, eta aldi berean adostu zuten Itziarko Auzo Udalak hartuko zuela bere gain obraren zati bat ordaintzeko ardura. Guztira, 48.394 euro bideratu ditu tokiko erakundeak, eta esan dutenez, Mullarri enpresa arduratu da obra gauzatzeaz.

Hala ere, inbertsioari aurre egiteko, auzo udalak 40.000 euroko dirulaguntza jaso duela azaldu du, "Aldundiak bereak dituen errepideetan hobekuntzak egiteko atera zituen dirulaguntzetara aurkeztu eta hori onartu ondoren".