Argiteria publikoa berritzeko lanak hasi dituzte Itziarren

Berriketan 2024ko aza. 20a, 10:21

Lanek 100.000 euro pasatxoko kostua izango dute, baina auzo udalak dirulaguntza eskuratu du Europako funtsetatik.

Lehen zeuden kale-argiak kendu eta horiek argi eraginkorragoengatik ordezkatzen hasi dira Itziarren. Aurreko astean, Elorriaga auzoan abiatua zituzten argiteria publikoa berritzeko lanak, eta auzo udaleko iturriek azaldu dutenez, herriguneko eta auzo guztietako luminaria LED teknologiara egokitzea da plangintzaren helburua. "Aurrez Lasturren egin ziren LED argiteria instalatzeko lanak, eta orain herri osora zabaltzeko aukera izan du auzo udalak".
 
Guztira, 100.169,49 euroko inbertsioa egingo du tokiko erakundeak, eta jakinarazi dutenez, obraren kontratua Tecuni enpresari esleitu zaio. Dena den, inbertsioaren zati handi bat Europako Next Generation funtsetatik jasotako dirulaguntzari esker finantzatu ahal izan dutela zehaztu dute. "Itziarko Auzo Udalak herrigune eta auzoetako argiteriaren aldaketa integralerako proiektua aurkeztu zuen 2022an, Next funtsen baitan IDAEk kudeatzen duen DUS5000-Erronka Demografikoko udalerrietan energia garbiko tokiko proiektu berezietarako inbertsioetarako laguntza-programaren bidez. Bertan, hainbat azterketa egin dira, eta auzo udala dirulaguntza horretara aurkeztu zen. 2023an ebazpena jaso ondoren, %85eko dirulaguntza onartu zitzaion".
 
Gauzak ondo bidean, lanak hiru hilabete inguruko epean amaitzea aurreikusten da. "Itziarko Auzo Udalak pozez jaso du berri hau, eta sor ditzakeen eragozpenen aurrean, herritarrei pazientzia eskatzen zaie".