Eskualdeko 27 enpresak parte hartu dute Itziarren egindako enpresa txiki eta ertainentzako jardunaldian

Berriketan 2024ko ira. 26a, 10:28

Argazkian, Goimek, Naberan Sareak eta Reiner Group enpresetako ordezkariak, Debegesa garapen agentziako, Itziar-Deba Enpresa Parkearen elkarteko, BPTDko eta Innobasqueko ordezkariekin batera. INNOBASQUE

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Debegesarekin, Debabarreneko udalekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Goimek mekanizazio enpresarekin eta Itziar-Debako Enpresa Parkearekin batera, eskualdeko enpresa txiki eta ertainen arteko berrikuntza dinamizatzeko topaketa egin zuen irailaren 20an Itziarko industrialdean. 

Jardunaldian parte hartu zuten enpresek, hain zuzen, bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten zer zerbitzu eta tresna dituzten eskura berrikuntza-proiektu bati ekiteko. Enpresaren lehiakortasuna hobetzeko, gainera, antolaketaren edozein esparrutan berrikuntza ezartzea lagungarri dela ere erakutsi nahi izan zieten ETEei.

Horrekin batera, gertuko hiru enpresatako esperientziak ere ezagutu ahal izan zituzten. Zehazki, beren erakundeetan berrikuntza sartzean izandako arrakasta izan duten kasuak azaldu zituzten Aitor Txurrukak (Goimekeko zuzendari nagusia), Nekane Naberanek (Naberan Sareak enpresako zuzendari nagusia) eta Haritz Arribilagak (Reiner Group enpresako merkataritza eta proiektuen arduraduna). Hiru enpresa horiek sektore oso ezberdinetan aritzen badira ere, bat etorri ziren pertsonen arloan eta produktu eta zerbitzuetan berrikuntzak egitearen garrantzia azpimarratzeko orduan.

Doako aholkularitza

Innobasquetik gogorarazi dutenez, HAZINNOVAren bosgarren edizioak doako 50 orduko aholkularitza aditu eta pertsonalizatua eskaintzen die enpresa txiki eta ertainei. Azaldu dutenez, oraindik ere badaude produktuak eta zerbitzuak eta pertsonen arloa berritzeko plazak. Interesa duten enpresa txiki eta ertainek urriaren 24a baino lehen eman dezakete izena spri.eus webgunean.