Urte hasieratik itxita egon ondoren, aro berri bati hasiera emateko prest daude Burugorri Ostatuan. Irekiera ofiziala bihar egingo dute, 11:30ean, eta hitzordura bertaratzeko deia egin diete herritarrei. Pintxo dastaketa, urdaiazpiko moztu berria eta musika izango dutela iragarri dute, baita brindisa ere (13:00etan).
Auzo udaleko kideek gogorazi bezala, "aurrez ere jatetxea izana, 2014an Debako Udalak eraikin osoa erosi eta hainbat jarduera bertan kokatzearekin bat izaera publikoa hartu zuen tabernak. Ondoren eratu zen Itziarko Auzo Udala, zerbitzuen ardura eta kudeaketak bere gain hartuz eta Burugorri Ostatiari bultzada emanez". Urteotako ustiaketa bertan behera geratu zenetik, hala adostuta, behin-behineko egoeran kudeatu dute ostatua azken denboraldian, herritar baten laguntzarekin. Zerbitzu denbora arautua agortu eta gero, esleipen prozesu berria abiatu zen, eta pleguak argitaratu ondoren aurkeztutako proiektuen baitan izendatu da arduradun berria.
Epe tarte honetan, auzo udalak hobekuntzak egin ditu Burugorri Ostatuaren lokalean. Besteak beste, komuna berritu dute, irisgarritasun araudia betez, altzariak eta bestelako osagai batzuk ere konpondu dituzte, eta egokitzapen gehiago egiteko asmotan daudela iragarri dute.
Eñaut Landaribar ondarrutarra da kudeatzaile berria. 30 urte ditu, lehendik ere ostalaritzan aritu izan da, eta "ilusioz dator Itziarrera lanera, herritarrei eta ingurukoei ahalik eta zerbitzurik txukunena eskaini asmoz". Horretarako, osatua du lantaldea, sukaldari eta guzti. Sinatutako kontratuaren arabera, sei hilabetekoa izan ohi da hasierako proba epea. Behin tarte hori gaindituta, gutxieneko bost urterako ustiapen kontratu luzagarria bermatuko dela azaldu du auzo udalak.
Eskaintza zabala
Orain arte bezala, eskaintza zabala izango du ostatuak: gosariak, eguneko mezua, eguneko platera, pintxoak, ogitartekoak... Asteburuan karta zerbitzua izango da, baita afariak ere. Aurreratu dutenaren arabera, sukaldean lehentasuna emango zaie bertako produktuei, eta arrainak ere garrantzi berezia izango du, baina aukera beganoak ere izango dira. Asteko egun guztietan egongo da irekita, 09:00etatik 23:00etara, "asteburuan itxiera ordua luzatu daitekeelarik".
"Ostalaritza zerbitzu soila ez ezik, Itziarko elkartoki eta herriko bizitzaren pizgarri ere bada Burugorri Ostatua", nabarmendu dute Itziarko Auzo Udaleko kideek. Hartara, proiektu berrian bestelako eskaintza batzuk izatea ere aurreikusten dute, hala nola noizbehinkako ekitaldi kulturalak eta beste mota bateko topaketak.