Bilboko kaleetan sortu zen Huntza taldea 2014an eta, sei kideak gipuzkoarrak izanagatik, Bilbon bertan emango diote amaiera hamar urteko zikloari; azken hilabeteotan agur esateko bira berezia egin ondoren, 2024ko otsailaren 3an igoko dira azken aldiz agertokira, Miribilla Arenan egingo duten Azkena balitz bezala kontzertuan. 20:00etan hasiko da emanaldia.
Aparteko kontzertua izango da eta dagoeneko hasiak dira emanaldian Huntzarekin batera taularatuko diren musikarien zerrenda iragartzen. Oraingoz aurreratu dutenaren arabera, bada, ondoko hauek izango dituzte lagun azken agurrean: Alaitz eta Maider, Niko Etxart, Tremenda Jauria, ETS, Maixa eta Ixiar, Nogen, Olatz Salvador, Stay Homas, Ebri Knight, Kristina eta Amaia, Xabi Solano, Iraitz Agirre, Jon Gurrutxaga eta Pablo Novoa.
2023ko otsailean iragarri zuen Huntzak “etenaldi mugagabea”, “arnasa hartu eta indarberritzeko astia” behar zutela azalduta. Hartutako erabakiaz eta egindako bideaz aritu zen Josune Arakistain abeslari eta trikitilari lasturtarra Berriketan-i eskainitako elkarrizketan.