Urteotan bost disko, hamaika bira eta ehunka zuzeneko egin ondoren, gelditzea erabaki dute. Bilboko kaleetan sortu zen taldea 2014an eta, sei kideak gipuzkoarrak izanagatik, Bilbon bertan emango diote amaiera hamar urteko zikloari; 2024ko otsailaren 3an igoko dira azken aldiz agertokira, Miribilla Arenan egingo duten Azkena balitz bezala kontzertuan. Aurrez, bira berezi bat egingo dute udan.
Zaila izan al da agur esateko erabakia hartzea?
Egia esan, erabaki gogorra izan da, azken finean sei lagun garelako. Gogorra da, berez arazorik ez dagoenean, hainbeste markatu zaituen etapa bati amaiera ematea, baina garbi ikusi dugu gelditzeko unea zela, gure bizitzak asko aldatu direlako ia hamar urtean, eta momentuan gure bizitza pertsonalek beste zerbait eskatzen zigutelako. Seiok hartutako erabakia izan da, denok egon gara ados.
“Etenaldi mugagabea” izango omen da… zer esan nahi du horrek zehazki? Ez da, hortaz, behin betiko agurra?
Ez zaigu gustatzen “betiko” agur bat dela esatea. Orain gelditzea erabaki dugu eta ez dakigu berriz batuko ote garen. Ez dakigu hemendik bi, hiru, bost edo hogei urtera nola egongo garen eta horregatik ez genuen atea ez itxita ez irekita laga nahi. Orain sentitu dugu etenaldi hau behar genuela, baina ez dakigu noiz arte.
Oihartzun handia izan du albisteak. Aspaldidanik zeneukaten erabakita proiektuari amaiera ematea?
Buruan genuen zerbait zen, egia esan, baina bakoitzak bere buruan. Talde bezala ez ginen inoiz honi buruz hitz egiten jarri, bilera-afari batean bakoitza nola sentitzen zen esaten hasi ginen arte… eta hura izan zen bakoitzak sentitzen zuena hitzetan jarri zuen unea; hor konturatu ginen honek etenaldi bat behar zuela. Bilera hartatik erabakia iragarri bitartean ez ziren egun asko pasa. Atsedenaldi laburrago bat egitea pentsatu genuen hasieran, baina benetan sentitzen genuena hitzetan jartzean ikusi genuen hau potologoa zela eta bestelako erabaki bat hartu behar genuela.
“Benetan sentitzen genuena hitzetan jartzean ikusi genuen hau potoloagoa zela eta bestelako erabaki bat hartu behar genuela”
Bederatzi urteko ibilbidea egin duzue elkarrekin. Nola laburbilduko zenuke egindako bidea?
Huntzaren ibilbidea gorabeheratsua izan dela esango nuke; niretzat, gorabeheratsua, azkarra eta zurrunbilo baten antzekoa izan da, bat-batean 0tik 100era hasi ginelako. Huntzak eman dizkidan gauza onenen artean, beste bost taldekideekin sortutako harreman ona eta panorama musikalean sartzeko aukera eman izana nabarmenduko nituzke. Gauza txarren artean, berriz, gogoratzen dut sarrera hura nolakoa izan zen eta horrek niri pertsonalki eta presio aldetik zer suposatu zidan.
Nolakoa izan zen, bada, sarrera edo hasiera hura?
Ez nintzen batere kontziente neurritik irtenda geundela, ez ginen egoeraz jabetzen. Ez geneukan erreferenterik halakoetan “normala” zer den jakiteko… Zer da normala single bat ateratzen duzunean? Gure lehen singlea Aldapan gora izan zen (berez bigarrena, baina ofizialki lehena), ez geneukan erreferentziarik, nebulosa moduko batean geunden; galduta, pozik… ez genekien nola sentitu. Atzera begiratuta, askotan pentsatzen dut ez dugula jakin pasa zaizkigun gauzei benetako garrantzia ematen. Dena batera etorri zitzaigun eta, agian, behar baino garrantzi txikiagoa eman genien gauzei, edo behar baino gutxiago baloratu genituen zenbait gauza.
Gauzak ezberdin ikusten al dituzu orain?
Oraindik ere askotan etortzen zait hasierako sentsazio hura. Zaila da deskribatzea: proposamen bat jaso eta… uf, ez! agobiatuta nabil pentsatzea, baina zer garrantzi duen ikustea gero. Duela aste batzuk, adibidez, Kepa Junkeraren omenaldian jotzeko esan zidaten, niretzat erreferente diren trikitilari pila batekin, eta momentuan, agobiatuta, ezetz esatekotan egon nintzen. Baina zera pentsatzen duzu gero: nola esango diezu ezetz zure erreferente guztiekin jotzeko aukera izanda? Hasierako momentuetara eramaten nauen sentsazio bat da. Hasieran hala izan zen, ez nintzen kontziente gauzek zuten garrantziaz eta ez nuen lasai egon banintz bezainbeste gozatu.
“Sormen aldetik haize berriak behar nituela sentitzen nuen eta horregatik sortu zen Süne bakarkako proiektua”
Huntzaz gain, bakarkako proiektua ere abiatu duzu, Süne. DJ Rikkirekin batera kaleratutako Sunday lehen singlearen ondoren etorri dira ETS taldearekin sortutako Gu geu garena edota Marea Urdinarekin elkarlanean egindako kanta ere…
Desberdina da bakarka aritzea. Erabakiak hartzeko orduan, adibidez, ez dauzkat beste bost buru eta, zentzu horretan errazagoa da, baina, aldi berean, asko laguntzen du beste bost buruak alboan izateak, babestu egiten zaitu. Oraingoz, bakarkako ibilbidea nola doan ikusten nabil. Eta gozatzen, nire erritmora, poliki-poliki. Giroz aldatzeko gogoa nuen, musikalki batez ere motibatzen nauten haize berrien bila nabil. Horrek ez du esan nahi Huntzak motibatzen ez nauenik, baina sormen aldetik haize berriak behar nituela sentitzen nuen eta horregatik sortu zen Süne bakarkako proiektua.
Ezberdinak dira bakarka sortu dituzun kantak, baina loturaren bat ere badute euren artean, ezta?
Egia da tekno edo musika elektronikoaren munduan sartzen ari naizela, baina folka beti daukat barruan. Eta mix hori ateratzea nahiko normala egin zait, ez da batere behartua izan. Azkenean, Itziar batean, trikitixa eta “txitxarro” nahastea nahiko naturala da. Gustura nago, egia esan.
Erronka zehatzik bai aurrera begira, Josune?
Sorkuntzaren jonkia naiz. Kantu berri bat egiteak sortzen didan pasio eta motibazio hori oraingoz badaukat eta momentuz Süne moduan kantak egiten jarraituko dut.