Kredentzialen aurkezpena eta bestelako legezko egitekoak osatu ondoren, bertaratuen txalo artean hartu zuen karguari dagokion aginte makila Arantza Egaña Itziarko Auzo Udaleko alkateak. Bizilagunek maiatzaren 28ko hauteskundeetan adierazitakoa beteta hartu zuen kargua; Denon Herriak aurkeztutako alkategaiak 451 lagunen babesa jaso zuen eta, horrenbestez, 2023-2027 agintaldian ere auzo alkate karguan errepikatuko du.
Ardura hartzean “hunkituta” agertu zen, eta azpimarratu zuen “erantzukizunez” hartzen duela berriro ere aginte makila. “Hauteskundeetako emaitzek eta jaso dudan babesak zilegitasun osoa ematen didate gaur berriro denontzako esanguratsua den makila hau esku artean hartzeko. Ohore bat den arren, erantzukizun handi batez jasotzen dut”. Eta hartzen dituen erabakiak “herritarren eta Itziarren eta Debaren hobe beharrez” hartzen dituela gaineratu zuen.
Denon Herria herrigintza egiteko jaio zela ere gogora ekarri zuen. “Aurrerantzean ere helburu hori betetzen saiatuko gara. Hasiera gatazkatsua izan zuen prozesua izan zen arren, uste dut egindako lanak lausotu dituela gaizki ulertuak eta errezeloak, eta elkarlan bihurtu dituela”. Era berean, azken agintaldian “beren emaitzak eman dituzten hainbat aurrerapauso eta koordinazio lan burutu” dituztela ere esan zuen.
Eta bide horretan bidelagun izan dituenentzako esker hitzak izan zituen. “Bihotzez eskerrak eman nahi dizkiet Gilen Garcia orain arte alkate izan denari, eta bere ondoan nekaezin lanean jardun duten Itziar Irizar, Antxoka Elorza, Aritz Larrañaga, Nerea Arrizabalaga eta Antxon Etxeberriari. Gobernantza eredu parte hartzaile baten aldeko apustu sendoa egin zuten hasieratik eta auzo udalari dagozkion hainbat eskumen eta arlotan koordinazio lan handia egikaritzea eman digu, gaizki ulertuak eta begitazioak gaindituz”. Gogoan izan zituen “aho batez onartu eta negoziaketetan parte” izan diren Debako talde politiko ezberdinak ere.
Aurrerantzean ere elkarlanerako deia egin zuen. “Aldaketak ditugu Debako Udalean, eta EAJko Alazne Txurruka izango da alkatea. Erronka ugari irudikatzen ditugu Itziartik eta, auzo udal gisa gure agenda propioa dugun arren, Debako udalerria osatzen dugun guztion artean eta elkarlanean eraman beharreko arlo estrategiko ugari daude mahai gainean”. Sortu berri den lantalde berriari “azken lau urteetan emandako aurrerapauso eta koordinazio lanari” jarraipena ematea eskatu zion.
Kargu hartze ekitaldian ez zegoela udalbatza osatu beharrik ere aipatu zuen Egañak, bera “automatikoki” aukeratua izan delako. Azaldu zuen agintaldi berriko lehen osoko bilkuran izendatuko dituztela berarekin batera lantaldea osatuko duten lau batzarkideak. “Hemendik hogei egunera edo hilabete batera deituko dugu osoko bilkura eta han osatuko dugu udalbatza”.