Ekainaren 17an Arantza Egaña Itziarko auzo alkate izendatu ondoren, berekin batera lantaldea osatuko duten batzarkideek ere kargua hartu dute; urriaren 19an Apaizetxea eraikineko batzar aretoan egindako ohiko osoko bilkuran izan zen ekitaldia. Zehaztu dutenez, batzarkide eta taldekideak izendatzeko “epe ezberdinak” izan dira tartean, eta hori izan da lantaldea “hain berandu” osatzeko arrazoi nagusia.
“Denon Herria plataformatik bideratutako prozesu herritar” baten ondorioz, honakoek hartu berri dute kargua: auzo alkatearekin batera, Xabier Laka alkateordeak eta Maider Lopetegi batzarkideak karguan errepikatuko dute eta Itziar Borda, Ander Torres, Andima Egaña eta Unai Loiola dira taldeko aurpegi berriak. Azpimarratu dutenez, “talde anitz bat osatzea” izan da helburu nagusia. “Lehendik lanean aritu direnek beren esperientzia gehituko dutela uste dugu. Orain bertaratutakoek, aldiz, lanerako gogoa ekarriko dute”.
Itziarko Auzo Udalaren hirugarren agintaldian sartuta, etorkizuneko erronka berriei begira jarrita daudela azpimarratu dute. “Datozen lau urte hauek emankorrak izatea nahiko genuke, eta horretarako lanean jarduteko konpromiso sendoa daukagu”. Iragarri dutenez, aurretik egin gabe geratu diren egitasmoak gauzatzea izango da hurrengo urratsetako bat. Eta landa eremuan kokaturiko Itziar moduko herri txiki batek izan ditzakeen beharrak asetzeko proiektuei ekiteko gogotsu azaldu dira.
Orain arte bezala, gainera, Debako Udalarekin “lanketa eta koordinazioa indartzea” izango da beste helburuetako bat. “Horretarako, Itziarko Auzo Udaleko ordezkariak Debako Udaleko batzorde ezberdinetara joango dira. Izan ere, hartzen diren erabaki guztiek eragina dute Itziarko Auzo Udalaren eremuan”. Debako Udalean ez ezik, Debemen, UEMA, Geoparkea eta Itziarko Industrialdea bezalako beste erakunde batzuetan ere presentzia bermatzeko nahia agertu dute. Horretarako, ordezkari ezberdinak izendatu dituzte.