Ohiko osoko bilkura egingo du Itziarko Auzo Udalak maiatzaren 18an

Berriketan 2023ko mai. 16a, 10:04

Auzo Udalak hilean behin egiten duen ohiko osoko bilkura etzi (ostegunean) izango da, 16:30ean, Apaizetxea eraikineko batzar aretoan. Legealdi honetako azken bilkura izango da.

Honakoa da Itziarko Toki Entitate Txikiaren bilkuran eztabaidatuko den gai zerrenda:

  • Aurreko akta irakurri eta onartzea.
  • Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean zentral eolikoak ezartzeko Andutz-Txobilar eremuaren hautaketa dela eta, egitasmoaren informazioa sakontzea, herritarrak jakinaren gainean jartzea, eta alegazioak aurkezteko bideak aztertzea.
  • Itziarko herriguneko kale argiteriaren aldaketa integrala burutzeko Espainiako Gobernuaren Energia Estatu Idazkaritzatik loturiko DUS5000 dirulaguntza onartzea, 101.000 eurokoa, hortik aurrekontuaren %85 finantzatuko delarik.
  • Elorrixa auzoan Arantza baserrira doan bidearen konponketa esleitzea BERGARETXE S.L. enpresari, 23.000 euroren truke.
  • Debabarreneko Landa Garapen Elkartearekin (DEBEMEN) 2023. urteko brigada lanetarako hitzarmena sinatzea.
  • Eskualdeko udalekin batera Itziarren sei hilabetez egindako 1.351 lan orduren ordainean DEBEMEN Elkartearen bitartez kontratatutako Brigada Sozialari dagokion likidazioa egitea, 3.915,52 eurokoa.
  • Apaizetxea eraikinaren ekialdeko sotoaren erabilera arautzeko, Itziarko Gazte Asanbladarekin hitzarmena sinatzea.
  • Kontzeju etxeari eskola erabilera emateko obrak egin bitartean, 2023-2024 ikasturteari begira, Apaizetxea eraikinean ikasgela berri bat egokitzea, leku faltari erantzunez.
  • HH eskola eraikinean obrak egitea, komuna eraberritu eta irisgarritasuna bermatu dadin ate zabalagoak jartzeko. Horretarako aurrekontuak eskatzea, lanak opor garaian gauzatu daitezen.
  • PR lursailean garatzekoa den jolastokia dela eta, JOLASORO enpresak egingo duen diseinuaren eta honi lotutako parte hartze prozesuaren gastuei aurre egiteko, “Inbertsioak Itziarren” partidatik 14.000 euroko kreditu aldaketa egitea “Proiektuen garapena” partidara.
  • OinHerri Herri Hezitzaileak elkartearen bazkide laguntzaile izendatzea Itziarko Auzo Udala, horretarako urteko 1.000 euroko kuota propioa onartuz.
  • Endoia auzoan ospatzen diren Asentzio jaiak antolatzen dituen Gaztendoia auzo elkarteari, 1.900 euroko dirulaguntza ematea.
  • Erregu eta galderak.