Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua Alazne Txurruka Debako alkatearekin batera izan zen Artzabalen atzo (abenduak 17). Bertan jakinarazi zuten amaitzear daudela Gipuzkoako Foru Aldundiak eremu horretan bide-segurtasuna hobetzeko bultzatutako lanak.
Esku-hartzearen helburu nagusia N-634 errepidean trafikoa baretzea eta oinezkoen bidegurutzeetan ikuspena eta babesa hobetzea izan da, bai bidea gurutzatzen duten pertsonentzat, bai biribilgunera sartu eta bertatik irteten diren ibilgailuentzat.
Biribilgunerako sarbideak aldatu dituzte, abiadura murriztuz, eta oinezkoen pasabidea lekuz aldatu dute, segurtasun baldintzak hobetuz. Espaloi berri bat ere jarri dute, Errotazar futbol-zelairako oinezkoen ibilbideari jarraipena emateko. Jarduketak 181.326,74 euroko aurrekontua izan du.
Alkateak Aldundiarekiko esker oneko hitzak izan zituen: "Esku-hartze honek trafikoa lasaitzea eta ingurune hau seguruagoa eta pertsona guztientzako irisgarriagoa izatea ahalbidetuko du. Zalantzarik gabe, bizi-kalitatean aurrerapen handia ekarriko die egunero hemen bizi eta bertatik ibiltzen direnei".
Irulearen begiratokia
Urkola eta Txurruka Irulearen begiratokian ere izan ziren, berriki amaitu baitituzte eremua mantentzeko eta hobetzeko lanak, bost hilabeteko exekuzioaren ondoren. Jarduketari esker, kostako horma indartu eta espazioa berriz urbanizatu dute, 321.670 euroko inbertsioarekin.