Miribillako (Bilbo) Bilbo Arenan egingo dute Pizkundea ekitaldia, abenduaren 27an, 17:00etan. Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu du kultur kutsua izango duen ekitaldia, euskararen "larrialdi linguistikoari" aurre egiteko eta "euskarari pizkunde berri bat emateko".
Egitasmoa aurkezteko emandako prentsaurrekoan parte hartzera deitu zituzten euskaltzaleak: "Batu gaitezen bertan euskaltzaleok, hizkuntza berdintasunean, askatasunean eta justizia sozialean sinesten dugun herritarrok. Eta, jakina, euskarari etorkizun bizi eta oparo bat eman nahi diogun guztiok". Larritzeko osagai guztiak izan arren, "itxaropen mezu bat” zabaldu nahi du Kontseiluak abenduaren 27aren bueltan: “Euskaltzaleon garaia da!”, nabarmendu dute. Informazio osoagoa pizkundea.eus webgunean.
Autobusa Debabarrenetik
Eskualdeko hainbat eragilek, tartean Debako Zuhatza Euskara Elkarteak, ekitaldira joateko autobusa antolatu dute. Iragarri dutenez, Mutriku, Deba, Mendaro, Elgoibar, Eibar eta Soraluzen egingo ditu geldialdiak, herri bakoitzeko euskaltzaleak batzeko.
Autobusa Deban hartzeko interesa dutenek 688 68 40 42 telefono zenbakira deituta edo idatzita izena eman dezakete. Jakinarazi dutenez, izena emateko azken eguna osteguna (abenduak 18) izango da. Herri guztietako zerrendak aztertu ondoren, telefonoz jakinaraziko dute autobusa osatu den eta ze ordutan egingo dituen geldialdiak. Arrazoi horregatik, izena ematerakoan telefono zenbaki bat uztea garrantzitsua dela gogorarazi dute.