IRITZIA

"Geu izaten jarraitzeko"

Ermuko Euskal Birusa, Soraluzeko Pil-pilean, Elgoibarko Izarra eta Debako Zuhatza Euskara Elkartea 2025eko abenduaren 3a

Abenduaren 19an Barrena astekaria eta Barrena.eus webgunea argitaratuko dira eta aurrerantzean bertan jarraitu ahalko dira Debako, Itziarko eta Debabarreneko gainontzeko herrietako berriak. Egun horretatik aurrera, beraz, Barrenak emango dio jarraipena Berriketan aldizkariak eta Berriketan.eus webguneak azken 27 urteotan tokiko aktualitatea lantzen egindako lanari. Barrena komunikazio proiektua bultzatu duten lau euskara elkarteek mezu bateratua kaleratu dute debabarrendarrei zuzenduta, Geu izaten jarraitzeko izenburupean.

Euskara eta euskal kultura biziberritzea da euskara elkarteon egitekoa; horretarako jaio ginen eta ahalegin horretan dihardugu. Ahalegin horrek emaitza onak ekarriko baditu, ezinbestekoa da adi egotea gizartearen aldaketei eta haren arabera egokitzea eta berritzea elkarteon jarduna eta proiektuak, kasu honetan, hedabideak.

“Aurrera begiratu eta bideari elkarrekin ekingo diogu”

Gaur egun, hedabideek berebiziko garrantzia dute komunitategintzan eta hedabideen mundua oso azkar ari da aldatzen. Adituek iragartzen dutenez, datozen urteetan are azkarrago aldatuko da. Ondorioz, euskarazko tokiko hedabideek berritu beharra daukate gure komunitatearen oinarri izaten jarraitzeko eta, hain zuzen, horixe da Barrena, elkarrekin euskarazko hedabideak berritzeko abiatu dugun proiektua.  

Marraztu dugun komunikazio proiektuak egitura indartsuagoa eta profesionalagoa izango du, eduki multimedia gehiago eskaini ahalko ditu, eskaintzak urrunago hedatzeko aukera emango die komertzioei eta oro har difusio eta inpaktu handiagoa izango du debabarrendarron artean. Duen dimentsiogatik, Barrena izan daiteke azken urteotan Debabarrenean euskara biziberritzeko abiatu den ekimenik garrantzitsuenetakoa, garrantzitsuena ez bada.

“Babestu eta baliatu ezazue Barrena, mundu zoro honetan geu izaten jarraitzeko”

Beraz, aurrera begiratu eta bideari elkarrekin ekingo diogu. Elkarrekin euskara elkarteak, euskaltzaleak, herrietako eragile sozialak eta komertzialak, erakunde publikoak, errealitate bihurtzeko debabarrendarrok behar dugun hedabidea, berritzailea eta euskalduna. 

Horregatik, dei egiten dizuegu orain arte herrietako hedabideen irakurle, kolaboratzaile, laguntzaile eta komunitateko kide izan zareten herritar eta eragile guztioi babestu eta balia dezazuen Barrena, mundu zoro honetan geu izaten jarraitzeko.