Juan Mari Aizpurua musikariari omenaldi berezia egingo diote Itziarren

Berriketan 2025eko abenduaren 5a

Argazkia: Debako Udala

Organista itziartarrak 100 urte beteko ditu hilaren 18an, eta, urteurren berezi hori aitzaki hartuta, omenaldia egingo diote Itziarren, San Tomas egunean (abenduak 21). Salgai daude bazkari-omenaldirako txartelak.

Juan Mari Aizpurua organista itziartarrak 72 urte baino gehiago daramatza Itziarko Andre Mariaren santutegiko organoaren teklak eta pedalak eskuekin eta oinekin jotzen. Gaur egun Donostian bizi bada ere, igandero-igandero, hutsik egin gabe, gerturatzen da jaioterrira mezei soinua jartzera. 

Organo-jotzaileak hilabete honetan 100 urte betetzen dituela eta, haren "ibilbide artistikoari eta pertsonal oparoari" aitortza egiteko omenaldi berezi bat prestatu dute Debako Udalak eta Itziako Auzo Udalak elkarlanean. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, ekimena aurrera eraman ahal izateko, funtsezkoa izan da Mikel Aizpurua omenduaren semearen laguntza: "antolaketa osoan gidaritzan lagundu digu", esan dute. 

San Tomas egunean (abenduak 21) izango da omenaldia.12:30ean hasiko da ospakizuna, Itziarko Santutegian egingo den meza nagusiarekin. Iragarri dutenez, ekitaldi horretan omendua bera ariko da organoan, "bere bizitza eta ibilbidea markatu dituen instrumentuarekin". 

Liburua

Meza amaieran, gainera, Joseba Zulaika antropologoak eta Mikel Aizpuruak lankidetzan argitaratu duten Juan Mari Aizpurua, 100 urteko bizipenak liburua ere aurkeztuko dute. "Eta jarraian egingo zaio organistari omenaldia, Debako Udala, Itziarko Auzo Udala, Itziarko eliz-korua eta herritarren parte-hartzearekin". 

14:30rako, bazkari-omenaldi bat ere antolatu da Salegi jatetxean, mendeurreneko eguna "adiskidetasunez eta hurbiltasunez" ospatzeko. 60 euroan jarri dituzte salgai bazkarirako txartelak; horiek eskuratzeko azken eguna abenduaren 14a izango dela azpimarratu dute.

Honako tokietan eskuratu daitezke txartelak:

  • Itziarren: Itziarko Auzo Udaleko bulegoan, Burugorri tabernan eta Salegi jatetxean.
  • Deban: Turismo bulegoan.
  • 943 19 90 04 telefono zenbakira deituta edo Whatsapp mezu bat bidalita ere erreserbatu daiteke bazkaritako tokia.  
Ekitaldi irekia

Antolatzaileek gogorarazi dute ekitaldia irekia dela, eta herritar guztiei luzatu diete gonbidapena, "Juan Mari Aizpurua bezalako erreferente baten 100 urteko bizitza oparo eta musikala ospatzeko". Debako Udalaren eta Itziarko Auzo Udalaren elkarlana, baita ekimena bultzatu duen Mikel Aizpuruaren dedikazioa ere nabarmendu dituzte antolatzaileek.