Debabarreneko tokiko lau hedabidek (Mallabiko eta Ermuko Drogeteniturrik, Soraluzeko Pil-pileanek, Elgoibarko eta Mendaroko Barrenek eta Debako Berriketanek) eratu duten Barrena proiektu komunikatiboa aurkezteko batzar irekia egingo dute etzi Kultur Elkartean. 18:00etan emango diote hasiera.
Zuhatza Euskara Elkarteak herritarrak, euskaltzaleak eta herriko eragileak gonbidatu ditu ekitaldira. "27 urte hauetan Berriketan herri komunikabideko komunitatearen parte izan zareten guztiok ekitaldira bertaratzea nahiko genuke: irakurleak, artikulu egileak, iritzi emaileak, elkarrizketatuak, argazkilariak, publizitatea lotu eta iragarkiak jarri dituztenak, maketatzaileak, aleak banatzen lagundu dutenak... Gonbidatuta zaudete guzti-guztiok!".
Azken 27 urteotan Berriketan herri komunikabideak egindako lanari Barrena komunikazio proiektuak emango dio jarraipena aurrerantzean. Abenduaren 19an argitaratuko dira Barrena astekaria eta Barrena.eus eta proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da etzi egingo duten ekitaldian. Batzarraren ondoren, luntxa ere eskainiko dute.