Egutegian morez nabarmendutako eguna da gaurkoa (azaroak 25), eta, Euskal Herriko herri gehientsuenetan bezala, tokian tokiko talde feministek, eragileek eta erakundeek herritarrak kaleak hartzera deitu dituzte indarkeria matxistari aurre egin eta feminismoa oinarri duten neurriak eskatzeko.
Itziarren, esaterako, manifestazioa izango da 18:00etan. Herriko plazatik abiatuko da Itziarko Erasoen Aurkako Taldeak deitutako mobilizazioa. Ordu bat geroago, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute Deban, indarkeria matxistaren aurkako salaketa publiko gisa.
Gaurko egunarekin bat eginez, gainera, Debako Udalak adierazpen instituzionala ere kaleratu du.
5.975 delitu
Indarkeria matxistak utzitako datuen berri ere eman dute. Euskal Herrian, esaterako, urte betean, joan den azaroaren 25etik geroztik, sei emakume izan dira erailak gizonen eskuetan.
Datu batzuk mahai gainean jartze aldera, 2025eko urtarriletik urrira bitartean, Ertzaintzak 5.975 delitu erregistratu ditu, bikotekideak edo bikotekide ohiak, etxean familiarteko batek edo sexu-askatasunaren aurka egindako emakumearen kontrako indarkeria-modu ezberdinetan. Iazko aldi berarekin alderatuta, era horretako delituek, oro har, % 0,66 egin dute gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
"Kezkagarriagoak" dira mundu mailako datuak. Ia 10 minutuan behin hiltzen du emakume bat bere bikotekideak edo senide batek.