Nazioarteko Argazki Mostraren irekiera ekitaldiak emandakoa

Urtzi Oteiza eta Juan Luis Romatet - Guka 2025eko azaroaren 19a

Estibalitz Beristain debarra, Iñaki Bolunburu, Marina Martinez eta Ana Abrao argazkilariak presente izan ziren ostiralean Zarautzen, aurtengo mostraren inaugurazioan.

Ostiralean zabaldu zuten 33. Ramon Ignacio Serras Nazioarteko Argazki Mostra Zarauzko Sanz Enea kultur etxeko erakusketa aretoan. Lau argazkilariren lanak bildu dituzte aurtengo edizioan: Estibalitz Beristain debarrarenak, Iñaki Bolunburu gasteiztarrarenak, Marina Martinez kataluniarrarenak, eta Portugalen bizi, baina jatorriz brasildarra den Ana Abraorenak.

Argazkizale ugari bertaratu zen irekiera ekitaldira, eta ziur herritar dezente igaroko dela erakusketa aretotik datozen egunetan ere, lau begirada ezberdinen proposamen fotografikoaz gozatzera. Mostra urtarrilaren 15era arte dago ikusgai, egunero, 18:00etatik 20:00etara.