Itziarko eta Debako Odol Emaileen Elkarteek odola emateko saio berriak antolatu dituzte egunotarako. Antolatzaileen esanetan, bihar (azaroak 5) arratsaldez izango da Itziarko hitzordua, eta ostiral (azaroak 7) arratsalderako antolatu dute Debakoa. Bi elkarteetako kideek herritarrei bertan parte hartzeko deia egin diete.
Itziarko saioa, zehazki, Burugorri gainean izango da, 16:30etik 20:30era. Beti bezala, beharrezkoa izango da aurrez txanda eskatzea; odola emateko interesa dutenek 632 40 37 95 telefono zenbakira deituta edo Whatsapp mezu bat bidalita eska dezakete ordua. "Bihar (azaroak 5) eguerdira bitartean egongo da horretarako aukera", gogorarazi dute antolatzaileek.
Debako kasuan, berriz, ostiralerako (azaroak 7) antolatu dute urteko azken saioa eta Luzaro ikastetxean egingo da. Osasun arloko profesionalek 16:30etik 20:30era bitartean egingo dute ateraldia. Antolaketa lanak errazteko, ezinbestekoa izango da aurrez hitzordua hartzea. Interesa dutenek bi aukera dituzte horretarako. Batetik, gotatanta.eus webgunean sartuta eska daiteke txanda; gogorarazi dutenez, bihar (azaroak 5) arte egongo da hitzordua erreserbatzeko aukera. Nahiago duenak, berriz, 623 91 23 03 telefono zenbakira deitu edo Whatsapp mezu bat bidali dezake txanda eskatzeko; etzi (azaroak 6) izango da horretarako azken eguna.