Udaletxean egingo dute bilera, 19:00etan hasita, eta gaian interesa duten herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera.
Asteburuan jarri zituzten kartelak Mendaron eta bideo bat ere zabaldu dute sare sozialen bidez, bilerara deitzeko. Mugikortasun jasangarriaren alde egiteko ordua dela adierazi dute eta azpimarratu bidegorriarena ezin dela izan lau urtean behingo hauteskunde-kanpainetara mugatzen den gaia.
Adimen artifizialarekin sortu duten bideoan adierazi dute egunero ehunka pertsona mugitzen direla Elgoibar eta Deba artean, baina bizikletan mugitu nahi dutenek errepide estu eta arriskutsura irten beharra izaten dutela egunero. Horregatik uste dute, besteak beste, bidegorria eraikitzeko proiektua ezin dela denboran gehiago luzatu.
Altzola eta Mendaro lotuko lituzkeen bidegorria eraikitzeko proposamena aurkeztu zuten Elgoibarko eta Mendaroko Udalek 2023ko martxoan.