Espainiako Unesco Geoparkeen Sareko hainbat geoparkek elkarte bat eratu dute formalki, lurralde horien arteko lankidetza sustatzeko eta proiektu bateratuak bultzatzeko. Aurkezpen ofiziala Montserraten egindako jardunaldi irekietan egin zuten, aurreko astean.
Azaldu dutenez, elkarte berriak ekimen komunak egitea erraztu nahi du, hala nola kontratazio partekatuak egitea, laguntzak eta dirulaguntzak eskuratzea, eta zientzia, turismoa eta hezkuntza sustatzeko proiektuak koordinatzea. Gaur egun, Las Loras, Origens, Euskal Kostaldea, Cabo Ortegal, Maestrazgo, Montañas do Courel, Catalunya Central eta Lanzarote geoparkeek osatzen dute elkartea. Aurreikuspenen arabera, dena den, datozen egunetan beste bi geoparke batuko zaizkie, eta gainerakoek bat egingo dute gobernu-organoek atxikimendua onartzen duten heinean.
Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerente Leire Barriuso izango da elkarte berriko lehendakariordea. Eta, haren esanetan, "elkarteak geoparkeei bultzada emango die eta nortasun eta ikusgarritasun handiagoa ekarriko du".
Elkartearen eraketak geoparkeei esparru komun bat emateko beharrari erantzuten diola azaldu dute. "Azken urteotan, lurralde horien arteko lankidetza nabarmen hazi da, baita administrazio publikoekin eta gizartearekin duten elkarrizketa ere. Lan hori sendotzeko eta geoparkeen kudeaketa eraginkorragoa eta agerikoagoa errazteko, beharrezkoa zen beste urrats bat ematea haien antolaketan", erantsi dute. Elkarteak ekimen bateratuak bultzatzea ahalbidetuko du, hala nola "turismo-azoketan parte hartzea (FITURen, adibidez), sustapen partekatua egitea, estatu mailako turismo- eta hezkuntza-produktuak sortzea edo sare osoari mesede egingo dioten finantzaketa komuneko proiektuak garatzea".
Gainera, elkarteak tokiko ekimenak eta ekimen ekonomikoak babestuko dituela, bere kideen arteko eta beste erakunde batzuekiko lankidetza indartuko duela, eta ordezkatzen dituen lurraldeen zientzia, hezkuntza, turismoa eta garapen iraunkorra bultzatuko duten baliabideak eta jarduerak kudeatuko dituela nabarmendu dute.