Palestinari elkartasuna adierazteko eta Patronalari Israelen jarrera zuritu ez dezan eskatzeko, hiru orduko lanuzteetara deitu zituzten langileak atzo (urriak 15) Hego Euskal Herriko zortzi sindikatuk: LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiruk —ELAk bere aldetik egin zuen deialdia—. Hezkuntzarako, berriz, publikorako zein pribaturako eta haur eskoletatik unibertsitateraino, egun osoko greba egiteko deia egin zuten LABek eta Steilasek, eta jarraipen handia izan zuen deialdiak, ikasle sindikatuek ere bat egin zutelako. Hezkuntza Sailak ohiko zerbitzu minimoak izendatu zituen eta zentro guztiak irekita egon ziren, baina mugimendua ez zen beste egunetakoa izan.
Mobilizaziorako deialdiak eragina izan zuen osasun zentroetan eta garraio publikoan ere. Osakidetzan, gutxienez jai egunetako zerbitzua ematea zegokien, larrialdietan, dialisietan eta tratamendu onkologikoetan izan ezik. Garraio publikoan, berriz, Euskotrenek eta Lurraldebusek, gutxieneko zerbitzuak (%30) bermatu zituzten.
Gernika-Palestina herri mugimenduak egindako deialdiari erantzunez, iluntzean protesta mobilizazioak izan ziren gurean ere, bai Itziarren, bai Deban. Bideoan ikus daitekeen bezala, Foruen Plazan dozenaka lagunek parte hartu zuten Israel isolatu, Palestina askatu lelopean egin zuten elkarretaratze zaratatsuan.