UEMAk bultzatutako 'Arnasetik' bideo-sormen lehiaketan parte hartzera animatu dituzte gazteak

barren.eus 2025ko urr. 14a, 10:07

Abian da 'Arnasetik' bideo sormen lehiaketaren laugarren edizioa, euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerrietako gazteei zuzendua (LH-5etik DBH-4ra). Urriaren 31ra arteko epea jarri dute lanak aurkezteko.

Udalerri euskaldunetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta piztu nahi du Arnasetik bideo sormen lehiaketak. Gazteak arnasguneen garrantziaz ohartarazi nahi ditu eta arnasguneetako kide izatearen harrotasuna erakutsi dezatera bultzatu. Euskararen arnasgune diren herrietako 10-16 urte bitarteko edozeinek parte hartu dezake, bakarka nahiz taldeka, eta urriaren 31ra arteko epea jarri dute lanak aurkezteko. Sari banaketa ekitaldia, berriz, azaroaren 27an izango da. 

Aurkeztu beharreko lanen ezaugarriak

Adinaren arabera hiru kategoria banatu dituzte eta kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izango dira:

  • A kategoria, LH 5-6koentzat: Atzo eta gaur da gaia. Hona hemen azalpena: "Euskara oso aberatsa da, hainbat euskalki daude eta askotariko esamoldeak. Hau da, Euskal Herriko leku batetik bestera gauzak izendatzeko modu desberdinak daude, baina denborarekin, esamolde batzuk galdu egiten dira. Zuen gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu. Esamoldeak erabili antzeztutako eguneroko eszena batean".
  • B kategoria, DBH 1-2koentzat: Casting-a. "Arnasgune batean sartzeko casting batera aurkeztuko zarete. Ia dena euskaraz egin daitekeen herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu. Zergatik aukeratu behar zaituztegu?"
  • C kategoria, DBH3-4koentzat: Herrimina. "Zuen herria utzi behar duzue. Azaldu formatu librean (bertso, abesti...) zer den faltan gehien botako duzuena, eta zer egingo duzuen euskaraz bizitzen jarraitzeko".

Bideo guztiek gehienez bi minutuko iraupena izan beharko dute eta ediziorako nahi den programa erabili ahal izango da. 

Lanak on-line aurkeztu behar dira, www.arnasagara.eus webgunean sartuta.

2.000 euro saritan

2.000 euro banatuko dtiuzte lau kategorietan banatuta. Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokidea izango du.

  • LH 5-6  kategoriako lanik  onena (500 euroko sari baliokidea).
  • DBH 1-2 kategoriako lanik  onena  (500 euroko sari baliokidea).
  • DBH 3-4  kategoriako lanik  onena (500 euroko sari baliokidea).
  • Publikoaren saria (500 euroko sari baliokidea).

500 euroko sari baliokide bakoitza IrisarriLand-en, Durangoko Azokan edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da, edo, ikas-bidaiarako baliatu.