Unean uneko errepide mozketak egingo dituzte bihar Deba eta Itziar batzen dituen N-634 errepidean

Berriketan 2025ko urr. 7a, 13:20

Gipuzkoako Foru Aldundiak errepide hori ez erabiltzea eskatu du bihar (urriak 8) eta etzi (urriak 9). Aurreikuspenen arabera, bide osoa abenduaren hasieran ireki ahal izango dute berriro.

Bihar (urriak 8), asteazkena, L itxurako hormen bidezko babes-balizamendua kentzeko lanak hasiko dituzte Deba eta Itziar batzen dituen N-634 errepidean. Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez, mendi-hegala egonkortzeko larrialdiko lanak egin dituzte orain arte, "aurreikusitako jardueren lehentasunezko fasea amaitu ondoren".

Lanak direla eta, bidea bihar minutu batzuz itxi egin behar izango dutela iragarri dute; azaldu dutenez, langileak arduratuko dira unean uneko errepide mozketak egiteaz eta zirkulazioa txandaka bideratzeaz. "Horregatik, ordezko ibilbideak erabiltzea gomendatzen da, eta urriaren 8an eta 9an N-634 Deba-Itziar errepidea ez erabiltzea", azpimarratu dute. 

Aldundiaren esanetan, abenduaren hasieran errepidea guztiz irekitzea espero dute, aldi berean egiten ari diren Irulearen Begiratokiko oin-horma egonkortzeko obrak amaitzen direnean.