Bizikletak konpontzeko gune bat jarri dute Zumardian

Berriketan 2025ko urr. 8a, 09:44

Gune berria gurpilak puztu, mantentze-lanak egin edo konponketa mekaniko txikiak behar dituztenek erabili ahal izango dute. Halaber, Itziarren ere bizikletak konpontzeko beste gune bat jartzea aurreikusten da.

Debako Udalak jakinarazi du erabilgarri dagoela udalerrian bizikletaren eguneroko erabilera errazteko pentsatutako ekipamendu publiko berria. Aurreko astean jarri zuten bizikletak konpontzeko egitura Zumardian  eta, zehaztu dutenez, bertan daude konponketak eta mantentze-lanak egiteko oinarrizko erremintak, baita gurpilak puzteko ponpa ere.

Azpimarratu dutenez, edonork erabili ahal izango du zerbitzua, doan. "Mugikortasun jasangarriagoa, osasungarriagoa eta ingurunearekiko begirunetsuagoa izateko Udalaren konpromisoan beste urrats bat da honakoa", adierazi dute Udaletik. 

Gaineratu dutenez, ekipamendu berria esku-hartze zabalago baten parte da. "Joan den udaberrian bizikletak aparkatzeko 70 plaza gehigarri jarri zituen Udalak herriko puntu estrategikotan, hala nola futbol-zelaian, hondartzan, liburutegian, gaztetxean edo musika-eskolan, besteak beste. Halaber, Itziarren ere bizikletak konpontzeko bigarren puntu bat jartzea aurreikusten da egunotan, zehazki Itsaspeko biribilgunearen alboan". 

Ia 7.000 euro

Udal iturriek azaldu dutenez, ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak emandako 6.881,88 euroko dirulaguntzari bitartez finantzatu da, bizikletentzako azpiegiturak garatzeko 2025 deialdiaren esparruan. "Horrelako ekintzekin, Debako Udalak zerbitzu-sare baten aldeko apustua egiten jarraitzen du, herritarrak garraiobide jasangarriagoak eta atseginagoak aukeratzera animatzeko".