Debako Udalak jakinarazi duenez, hasita daude Lastur eta Deba arteko PR-GI 44 kanalaren hobekuntza-lanak; zehaztu dutenez, aurreko astean eman zieten hasiera Udalak eta Debegesak sustatutako proiektuari. "Lanek bi hilabeteko iraupena eta 139.709,92 euroko aurrekontua izango dute, eta Txukun Lorazaintza S.L.enpresak gauzatuko ditu", azaldu dute.
Lanek izango duten irismena eta segurtasuna bermatzeko beharra kontuan hartuta, lanek iraungo duten bitartean kanala itxita egongo dela ohartarazi dute. "Debako Udalak herritarrei zein bisitariei itxiera hori errespetatzeko eskatzen die eta sor ditzakeen eragozpenengatik ulermena eskertzen die".
Esku-hartzea Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen da (NextGenerationEU). Adierazi dutenez, kanalaren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea, eta, aldi berean, espazioaren jasangarritasun turistikoa hobetzea da proiektuaren helburua.
Ibilbide historikoa
Debako herrigunetik Lasturko San Nikolas auzora bitarte, PR-GI 44 kanalak 5.910 metroko luzera du, eta bere ibilbideak, neurri handi batean, 1925ean eraikitako ur-eroanbide zahar baten ibilbideari jarraitzen dio. Panadero eta Freiberj ingeniariek diseinatutako kanal horrek funtsezko zeregina izan zuen Debako ur-horniduran eta tokiko energia elektrikoaren ekoizpenean.
Gaur egun, ordea, azpiegitura egoera txarrean dago, estalkiak kaltetuak daudelako eta oinezkoentzat arriskutsuak diren puntu ugari daudelako. Hori dela eta, egingo diren lanen artean bidea garbitu, sastrakak kendu eta pasabidea egokituko direla esan dute.
Horrekin batera, egoera txarrean dauden puntuetan zoladura berria ere jarriko dute. "Era berean, portoiak eta abeltzaintzako itxiturak berrituko dira, eta informazio-panelak jarriko dira ibilbidearen hasieran, erdian eta amaieran, inguruko ondare natural eta kulturala ezagutarazteko".