GUTUNA

"Palestinar erresistentziaren alde eta Israelen eta bere konplizeen aurka, urriaren 4an Iruñera!"

Deba Bailarako Kontseilu Sozialista 2025ko urr. 1a, 09:49

Hona hemen Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak Berriketan aldizkarira bidali duen gutuna.

Sirena eta bonba hotsek esnatzen dituzte egunerokoan haurrak Palestinan, ez senideen muxuek, ezta haien laztanek ere. Bi urte jada Palestinan gerra, gosetea eta heriotza direla eguneroko ogia. Eta ondorioa: 75.000 hildako, 40.000tik gora kanporatu eta 11.000 palestinar kartzelaratu. Ezin jakin, ordea, honakoak datu zuzenak ote diren, sarraskiaz informatzen duten langileen eta hedabideen kontra gogor jotzen ari baita sionismoa.

Bien bitartean, gurean, Eusko Jaurlaritzak harreman zuzena du Israelgo Estatuarekin defentsa eta zibersegurtasunaren arloan eta genozidioarekin kolaborazio zuzena izan duen CAF enpresan partaidetza dauka. 2023ko urritik hona Espainiako Estatuak 12 kontratu esleitu dizkie Israelgo hainbat armagintza enpresari eta Euskal Herriko 200 enpresak baino gehiagok hornitzen dute Israelgo industria aeroespaziala.

Milaka dira oraindik Europar Batasunaren eta Israelgo Estatuaren arteko harremana sostengatzen duten kausak eta, hortaz, milaka dira mendebaldeko konplizitatea salatzeko ditugun arrazoiak. Gasteizera Maccabi saskibaloi taldea etorri izanagatik kaleak hartu izanak, Espainiako Vueltaren hainbat etapa moztu izanak, Israelgo enbaxadoreak Bilbon eman behar zuen hitzaldia bertan behera geratzea lortu izanak eta EHUren konplizitatea salatzeko ikasleriak unibertsitateak hartu izanak erakutsi digute, besteak beste, estatu sionistaren normalizazioa eta harreman oro eteteko ahaleginean jardun behar dugula.

Genozidioa seinalatu, palestinar erresistentzia babestu eta mendebaldeko potentzien konplizitatea salatzeko, batu Palestinarekin Elkartasunak urriaren 4an Iruñean egingo duen mobilizaziora!
Ekarpena egiteko asmoz, Itziarren Israel hemen ere hasten da liburuxkaren aurkezpena egingo dugu eta Debatik mobilizaziora joateko autobusa antolatu dugu. Tiketak salgai izango dira Koska tabernan.