Irungo batailaren hasierarekin batera, abuztuaren 27an, Gipuzkoaren aurkako ofentsiba orokor bat abiarazi zuen Mola jeneralak, Nafarroako indar militar eta karlisten errekete batailoiekin. Molaren erasoaldi orokortuaren lehen ondorioa Irunen galera izan zen, irailaren 5ean. Ondorioz, etengabeko atzerabide bat egitera behartuak aurkitu ziren Gipuzkoako Defentsa Batzordeen baitan antolatutako indarrak. Borroka gogorren ostean, Donostia irailaren 13an erori zen eta honek biztanleriaren ebakuazio orokor bat ekarri zuen, milaka pertsonak Bizkaia alderako ihesari ekingo ziotelarik, altxatuen tropen errepresioaren beldur. Hauetako milaka Debatik pasa ziren, kostako errepidea eta trenbidea baliatuz.
Militar frankistek, beste erasoaldi bat burutu zuten irailaren 17tik aurrera, Gipuzkoa osoa beraien esku erortzea ekarri zuena; honen buru Solchaga probintziako gobernadore militar izendatu berria eta Mola jenerala ziren.
Nahiz eta egun gutxitan herri gipuzkoar gehienak beraien kontrolpean izatea lortu zuten, milizianoen erresistentzia nabaria izan zen, muino eta herri gehienetan borrokak egon zirelarik. Horrela, Debaren kasuan erresistentziarako prestatu zen herria, nahiz eta argi ikusi ez zirela gai izango altxatuen tropa kopurua gelditzeko, beraien aurrerabidea oztopatu nahi zen. Herriko sarreretan lurrez beteriko zakuz eginiko barrikadak ezarri ziren eta horrez gain Eibarko Orbea industrian prestatutako kamioi blindatuak ere iritsi ziren herrira.
Irailaren 22an, Latorre zutabeak erasoaldia burutu zuen Zumaiatik, Itziar hartzeko helburuarekin, baina bertan, Bilbotik iritsi berri ziren anarkista talde bat prestatu zen hauei erantzuteko. Testigantzen arabera, goizeko hamaikak aldera hasi eta arratsaldeko bostak arte luzatu zen borroka Itziarren. Ikerketen arabera, 13 milizianok galdu zuten bizitza borroka hauetan (Bakunin batailoi anarkistako kideak gehienak).
Irailaren 23an, azkenean, Latorre komandantearen gidaritzapean, altxatuen tropak eta erreketeak Debara bertara sartu ziren, non milizianoek azken erresistentzia ekintza moduan ibaia zeharkatzen duen zubia eraisten saiatu ziren. Horretarako, herriko harrobietan lan egiten zutenek bertan zuloak egiten jardun zuten, ondoren lehergailuak bertan txertatzeko. Hala ere, tropa frankistek ezustean harrapatu zituzten eta ihesari eman behar izan zioten.
Iturria: Deba 1936-1945 liburua