Orain arte bi modalitatetan parte hartzeko aukera zegoen, Abentura eta Familia raidetan. Lehiakorragoa zen aurreneko hori antolatzeari laga eta bigarrengo horri eutsi diote, moldaketa batzuekin. Orientazio Raid Egun Herrikoia deitu diote formatu berriari. Elgoibarko herrigunean eta auzoetan barrena jokatuko dute proba irailaren 28an. Ez da proba lehiakorra izango; eta hortaz, denborarik ere ez dute hartuko.
Probaren hasieran mapak banatuko dizkiete parte hartzaileei, eta oinez edo korrika txikian, 10 kilometroko ibilbidean sakabanatuta dauden balizak jaso beharko dituzte; orientatzeko gaitasunak erabiliz, nahi duten bidetik. Mapan zehaztutako tokietan jokoan dauden puntuak eskuratu beharko dituzte. Horrez gainera, bidean proba bereziak osatu beharko dituzte, besteak beste, eskalada, rapelak, memorian eta norabidean oinarritutako orientazio probak, ezagutza probak eta antzerakoak. Bi ordu eta erdiko muga izango dute raida bukatzeko. Bi eta bost pertsona arteko taldetan jokatuko dute (horietatik bat, gutxienez, adinez nagusikoa).
Irailaren 27a da izena eman ahal izateko azken eguna, pertsonako 3 euro ordainduta. On-line eman behar da izena morkaiko.eus webgunean.