“Oso ondo, oso gustura, erosoa izan da dena eta eurak oso jatorrak izan dira”. Balorazio positibo hori egin du Marisa Aldalur Aldalur azkoitiarrak Eibarko Ospitalean atzo estreinatu zuten dentsitometroan dentsitometria egin berritan.
Itziar Araiztegi eta Argiñe Ansorregi teknikariek -argazkian- emandako xehetasunen arabera oso proba erraza da. Paziente batetik bestera 20 minutuko tartea dute dentsitometria egiteko, baina behin pazientea makinan dagoela, bakarrik 5 bat minutu behar dira proba gauzatzeko. “Etorri, bata jantzi, etzan eta listo. Ez da pintxatu beharrik, eta, ematen duen erradiazioa oso txikia da”, esplikatu dute.
Halaber, teknikariek formazio berezitua jaso dute makina erabiltzeko eta atzo, estreinaldia izaki, errefortzua eta Donostiako adituen laguntasuna ere izan zuten.
Makina berria 75.000 euro kostatu da, BEZ barne.
Gertutasuna
Makinaren erosotasunaz aparte, Eibarrera joan ahal izateak eskaintzen duen erosotasuna ere nabarmendu zuten atzo goizeko prentsaurrekoan. Aldalurri, adibidez, aukeran eman zioten Donostiara ala Eibarrera joan, eta, berak Eibarrera joatea aukeratu zuen, bizilekutik Eibarrera joatea “erosoagoa” egiten zaiolako.
Horrekin ere “pozik” dira ospitalean, “pazienteei zerbitzu on bat emateagatik, gertutasuna eskaini ahal izateagatik eta kontziliazioan” laguntzeagatik, hain justu. Gainera, aurreikuspena da dentsitometro berriak lagundu egingo duela, baita ere, orain arte Donostian eskaini izan duten zerbitzua arintzen. “Donostian dentsitometria piloa egiten dituzte eta espero dugu hemen ere berdin edukitzea”.
Zentzu horretan, azpimarratu dute, baita ere, Eibarko Ospitalean dentsitometria zerbitzua izatea hazkuntza dela ospitalearentzat berarentzat, “handitzen” doazelako bertan eskaintzen diren zerbitzuak.
Prebentzio eta tratamendu egokiak
Dentsitometroa funtsezko tresna da hezur-dentsitatearekin lotutako gaixotasunak (osteoporosia, osteopenia...) goiz detektatu eta ebaluatzeko. Eibarren estreinatu denak aukera emango dio Debabarreneko ESIri haustura arriskuaren aurrean prebentzio- eta tratamendu-estrategia egokiak ezartzeko.
Dentsitometria biztanleen %75ek behar izan lezakeen proba izanik, instalazio berriak hezurretako gaixotasunen diagnostikoaren irisgarritasuna areagotuko du Debabarrenean. Horrela, arreta integrala eskaini ahal izango zaie pazienteei erradiodiagnostikoan, eta ginekologia, erreumatologia, traumatologia eta endokrinologia bezalako zerbitzuetan.