Etzi amaitzen da Debabarreneko aisialdiko begirale ikastaroan izena emateko epea

Berriketan 2025ko ira. 17a, 10:07

Prestakuntza urritik ekainera bitartean egingo da, eskualdeko hainbat udalerritan. Ikastaroa euskaraz izango da eta ikasleek 18 urte izan beharko dituzte atal teorikoa amaitzen denerako, hau da, 2026ko ekainaren 30erako.

Zabalik jarraitzen du Debabarreneko udalek antolatutako 'Aisialdiko Begirale Ikastaroa 2025-2026' formakuntza saioan izena emateko epeak. Jakinarazi dutenez, etzira (irailak 19) arte mantenduko dute aisialdiko begirale titulu ofiziala lortu nahi dutenentzako epea zabalik.

Ikastaroa euskaraz izango da eta ikasleek 18 urte izan beharko dituzte atal teorikoa amaitzen denerako, hau da, 2026ko ekainaren 30erako.

Iraupena:

Ikastaroaren atal teorikoa urrian hasi eta maiatzean burutuko da, aurrez aurreko saioekin. Jarraian bi tutoretza saio izango dira.

  • Atal teorikoa (150 ordu/9 larunbat) era praktikoan gauzatuko da. Ikastaroan, gainera, asteburu osoko hiru irteera egingo dira.
  • Praktikak: boluntario gisa bete beharreko 160 aisialdi-ordu izango dira.
Ordutegia:
  • Larunbatetan 09:30-18:30 (ordu eta laurden bazkaltzeko).
  • Asteburu osoko hiru irteera: larunbateko 10:00etatik igandeko 15:00etara.

Larunbatetako saioak Debabarreneko bi herritan egingo dira eta izena eman duten ikasleen jatorriaren arabera zehaztuko dira. Bestalde, asteburuko saioak La Arboleda aterpetxean izango dira.

Izen-ematea eta prezioa

Ikastaroaren prezioa 300 eurokoa izango da, baina Debabarrenean erroldatuta daudenek matrikularen erdia ordainduko dute soilik, hau da, 150 euro.

Etzi (irailak 19) amaitzen da izen-ematea eta azpimarratu dutenez, plaza mugatuak dira. Interesa dutenek Interneten dagoen honako inprimakia beteta izena eman dezakete. Informazio gehiago behar izanez gero, eibarrenakebai@gmail.com helbidera idatzi edo 943 70 84 26 eta 688 85 49 65 (Whatsapp-ez ere bai) telefonoetara deitu daiteke.

Eskualdeko udalerriek bultzatutako ikastaro honek aisialdi hezitzailearen eta haur eta gazteekin esku hartzearen arloan gaitzeko aukera eskaintzen du. Gaineratu dutenez, Debako, Eibarko, Elgoibarko, Mendaroko, Mutrikuko eta Soraluzeko udalen eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gaztetxo Eskolaren babesa du.