Dentsiometroa funtsezko tresna da hezur-dentsitatearekin lotutako gaixotasunak (osteoporosia, osteopenia...) goiz detektatu eta ebaluatzeko. Eibarren instalatu berri denak aukera emango dio Debabarreneko ESIri haustura arriskuaren aurrean prebentzio- eta tratamendu-estrategia egokiak ezartzeko, bereziki adineko pertsonen eta menopausia osteko emakumeen kasuan. Erradiazio-dosi oso txikiak erabiltzen dituela azaldu dute, "errutinazko beste teknika erradiologiko batzuetan erabiltzen direnak baino nabarmen txikiagoak", eta pazienteentzako prozedura segurua eta azkarra izateaz gain, molestia minimoak eragiten dituela diote.
Onurak paziente zein langileentzat
Dentsitometria biztanleen %75ek behar izan lezakeen proba izanik, instalazio berriak hezurretako gaixotasunen diagnostikoaren irisgarritasuna areagotuko du Debabarrenean. Horrela, arreta integrala eskaini ahal izango zaie pazienteei erradiodiagnostikoan, eta ginekologia, erreumatologia, traumatologia eta endokrinologia bezalako zerbitzuetan. Gainera, Eibarren egonik, hurbileko beste ESI batzuetako pazienteak ere artatu ahal izango dira bertan —hala nola, Debagoiena eta Urola Garaikoak—, gaur egun Gipuzkoa osoko beharrei erantzuten dien Donostialdeko ESIren karga arinduz.
Asier Esnal Debabarreneko ESIko zuzendari gerenteak azaldu duenez, "ekipamendu eta teknologia berriak funtsezkoak dira arreta medikoa hobetzeko, diagnostiko zehatzagoak, tratamendu eraginkorragoak eta pazienteentzako segurtasun handiagoa ahalbidetzen baititu. Gainera, denborak optimizatzen dira eta gure profesionalei lana errazten zaie haien eraginkortasuna areagotzen duten tresna aurreratuekin".